Zamartzeko arkeologi indusketan azken egunak dituzte hauek. Eguraldiak ez du gehiegi lagunduko hemendik aurrera. Horren jakitun, Aditu Arkeologia Zerbitzuko kideek bukatutzat eman dute laugarren indusketa aldia. Baina dagoeneko bosgarren bat izanen da 2014ko garagarrila eta iraila bitartean edo.
Aztarnategian gero eta indartsuago ari dira lanean. Aurreneko urtean, 2010ean, lau egon ziren lanean. 2011n 10 eta 15 artean. Joan zen urtean hogeita luze eta aurten, udan, 50 bat izan dira indusketan lanean. Valle de Tarazak esan digunez, "heldu den urtean gauza bera egiten badugu azkarrago egin ahal izanen dugu aurrera. Informazio guztia ateratzea. Poliki goaz. Gurea ikerketa hutsa da. Horregatik, detaileei erreparatzeko aukera ematen digu. Aztarnategia ona da". Zuzendariak gaineratu duenez, "emaitzak oso interesgarriak izanen dira, ez soilik aztarnategiak asko ematen duelako, baizik eta detaileei erreparatzeak tokia primeran ezagutzeko aukera emanen digulako".
Indusketaren ondoren analisiak egiteko garaia iristen da. Isotopo eta karbono 14 probak eginen dizkiete aztarnetako batzuei. Gainera, analisi antropometrikoa: "aztarna bakoitza garbitu, prozesatu, neurtua eta gero aztertua izan behar du. 98 hezurdura opatu ditugu. Horrek denbora asko eskatzen du. Aztarnategian lan egindako hilabete bakoitzeko laborategian ia hiru hilabeteko lana dugu". Aurten jende asko egon denez indusketan objektu asko berreskuratu dira eta guztiak aztertu beharko dituzte. Horrek guztiak balioko du jakiteko "garai bateko sakandarrak nola bizi ziren, zer egiten zuten eta zer gertatu zitzaien hemen bizi zirenei".
Aurreko urteetan bezala bi esparrutan lan egin dute erromatarrena eta Erdi Aroko hilerrian. Fran Valle de Tarazaga, indusketako eta ikerketako zuzendaria, erromatar garaiaz arduratu da. Emma Bonthorne osteoarkeologoa, berriz, Erdi Aroko hilerriaz.
Erdi Aroko hilerria
Hasierako mailetara iritsi dira eta han agertzen dena interesekoa izanen da sortu zen garaiari buruzko datuak emanen dituelako. Maila horretan harritu dituena hilerriaren okupazioa oso aktiboa izan zela. Hilerriko indusketan erromatar garaiko mailatik gertu daudela azaldu digu Valle de Tarazagak. Agerian gelditutako toki batean, erromatar mailaren gainean zuloa egin zutela ikusi dute.
Hilerrian aurreneko lur emateak askoz ere soilagoak dira eta objektuak ere oso gutxi agertu dira. "Arrio handirik ez dagoela badakigu". Hala ere opatu diren elementuak oso interesgarriak direla gaineratu du. Horien artean erromesen maskorra (Donejakue bide zaharra datatzeko laguntza emanez) edo gerrikoko urreztatutako belarri bat agertu da hilerrian eta horrek estatus handiko jendeari ere bertan lur eman zitzaiola adierazten du. Joan zen urtean urreztatutako ezproia opatu zuten eta ideia hori berresten du. Hau da, Zamartzeko monasterioak erromesez aparte goi mailako jendea ere erakarriko zuela. "Iruñeko katedralarekin betidanik erlazioa izan zuenez Zamartzek maila altuko jendea izanen zela pentsatzekoa da".
Analisien emaitzen zain XI. mendeko lurperatzeak direla uste du Valle de Tarazagak. "Baina ez gara beheraino iritsi. IX. edo VIII. mendeko hilobiak baleude erromanizazioaren eta Erdi Aroaren artean dagoen eta ezer ez dakigu tarte horri buruzko datuak lortuko genituzke. Ezin dugu hipotesirik egin beheraino iritsi eta erromatar garaiko aztarnak opatu arte".
Donejakue bidean joaten ziren eta Zamartzen lur eman zieten erromes gehiagoren aztarnak opatu dituzte ere Erdi Aroko hilerriko hasierako mailetan. Donejakue bide zaharra datatzeko laguntza emanen dute aztarna horiek.
Gune erromatarra
Entitate gehiagoko harresiak azaleratu dituzte aurtengo kanpainan, baina ohartu dira haiek zatiak ere berrerabiliak izateko eramanak izan zirela. Arkeologoak ohartu dira I. mendetik IV. mendera induskatutako espazioaren erabilera oso antzekoa zela. I. mendera iristeko lagin txiki bat induskatu dute. Kaskailuzko zorua mantentzen da, beraz hasierako funtzioarekin segitzeko nahia adierazten du horrek, azaldu digu Valle de Tarazagak.
Oso ongi kontserbatutako erretako etxe baten egurrezko egitura opatu dute ikertzaileek. Agerian gelditu diren elementuak etxea nolakoa zen zehatz jakiteko nahikoa dela esan digu Franek: "ez soilik eraikuntzarako erabili ziren elementuak. Paretak non zeuden eta zein tamaina zuten dakigu. Paretak dekoratzeko erabiltzen zen estukoa ere opatu dugu, gorriz eta berdez margotuta". Harrizko zokaloa zuen, egurrezko egitura eta hura adobez betea zegoen. Barruan zarpiatuta eta margotuta. "Eraikin erromatar klasikoa. III. edo IV. mendeko egitura bat da. Horrek adierazten du garai hartan, inperioa dekadentzian egonda ere, hemen eraikuntzarako erromatar teknikak erabiltzen zuenik bazela".
Eraikina etxea izan daitekeela aipatu digu arkeologoak, baina administrazio edo erlijio erabilerak baztertu gabe. Kristalezko objektuak, luxuzko zeramika puska, txanponak agertu dira. 268-270-272 urteetako txanpon ugari agertu dira. Jaitsiera baten ondoren, Constantino Handiaren txanponak ageri dira (315). "Deigarria da. Hau ez baita erromatar hiri bat. Teorian mansio bat da. Oso txikia izan beharko luke. Baina aztarnategiak 4 hektarea hartzen ditu ia. Landetxe bat baino gehiago zegoen hemen".
Gaineratu duenez, "monasterioko parkean, indusketa egiten ari garen tokian egituraren erdigunea egonen litzateke. Administratzaileak edo inguruko gidarien egoitza edo hemen aurreneko gunea egotea eta inguruan populazio txiki bat sortzea. Han abeltzainak, merkatariak biziko lirateke".
Opatutako objektu askoren kalitatea oso ona da, brontzeena esaterako. Bertako populazioaren elementu gutxi opatu dira. "Elkarrekin biziko, nahastuko ziren, baina zerbaitegatik hona erromatarrak etorriko ziren. IV. menderaino egon ziren. Ez ziren lau katu izan. Hori guztia ezagutzeko ikertu eta aztertu beharko da. Dakiguna azalekoa eta oso historizista da".
Mosaikoak izan zirela badakite, teselak betelanetarako, kaskailu moduan berrerabiliak izan direlako. Teselak betelanetarako erabili zituzten garai batean. Batzuk morteroak elkartuta daude oraindik. Indusketako buruak aitortu digu agerian gelditu diren elementu batzuk oraindik ez dituztela ulertzen baina ikerketak argitzeko esperantza azaldu du.
150 pertsonen aztarnak
98 hezurdura oso eta beste hainbaten zatiak. Informazio kopuru handia emanen dutenak. Haietako batzuetan anemia, eskorbuto edo tuberkulosi arrastoak sumatu dituzte. Vallek azaldu duenez, "populazioa osasuntsu egon zitekeen, baina interesgarria izanen da ikertzea garaiko jendearen gaixotasunak. Ez dira gaitz ezezagunak. Baina gure inguruan izan duten eragina ez da ezaguna".
Ate irekiak
Larunbatean, 17:00etan. Indusketara bisita eta, ondoren, egindako lanaren aurkezpena. Sakanan Donejuake bidearen berreskurapenari buruzko informazio gehiago emanen da.