Sakana igarotzen zuen Donejakueren bidea izan daitekeenaren bila ari dira Uharte Arakilen egiten dabiltzan arkeologia indusketetan. Zantzu esanguratsuak aurkitu dituzte, IX-X. mendeen ingurukoak izan daitezkeen bidexkenak. Bide erromatarra Donejakue bide moduan erabiltzen hasi zirela uste dute ikertzaileek, goiztiar sartu baitzen kristautasuna Sakanara. Aztarnak ez bakarrik Uharte-Arakilen, Sakanako beste herri batzuetan ere topatu dituzte. Arruazuko gurtzean esaterako, edo Lakuntzako pikotan edo zenbait idatzitan agertzen den zerga ordainketaren bidez. Ematen du garai haietan Errezubi izeneko zergaren bidez, zubiak egoera onean mantentzea lortzen zutela eta hain zuzen, zubi horiek bidearen zatia dira.
Bidea berreskuratzea garrantzitsua izan daitekeela adierazi du Iker Manterolak, Sakanako garapen agenteak, Zamartzen larunbatean egindako bisitan eta emandako azalpenetan: "Sakanako historia berreskuratzeko aukera eman dezake eta zenbait interpretazio egiteko modua ere bai". Aro ezezagun bat ezagun egiteko ikertzea interesgarria izan daitekeela diote. Dena dela, boluntarioen laguntza ezinbestekoa dela azpimarratu dute, bai indusketa lanetan zein Donejakue bidearen nondik norakoak ezagutzeko zereginetan.
Oraingoz indusketa albo batean utziko dute heldu den urtera arte. Sentsazio onekin eman diote amaiera Zamartzen eta datorren urtean lanean segitzeko gogoz daude. Fran Valle de Tarazaga eta Emma Bonthorne izan dira indusketetan burubelarri aritu direnak, Iker Manterola ari da Donejakueren bideari buruz gehiago jakin nahian.