Teknikoak pozik ibaiaren erantzunarekin

Guaixe 2013ko azaroaren 21a

Euria gogoz egiten zuen bakoitzean Uharte Arakilen ibaiak gainezka egiten zuen eta Irañetarako eta Aralarko santutegirako errepidea itxita gelditzen zen. Hala gertatu zen astelehen gauean, baina eguna argitzerako ura bere bidean zegoen. Ibaiak ur emari gehiago izateko udalak lanen aurreneko fasea egin zuen agorrilean. Aste honetan ikusitakoarekin teknikariak pozik daude. "Ibaia beti aterako da. Lehen egunetan egoten zen bidea itxita. Orain bere bidera azkarrago bueltatzen da". Udan presa eta Zerradoako bidearen arteko ibai zatian bazterrak zabaldu eta inklinazioa eman zieten, ubeldeak ur kopuru handiagoa eraman zezan. Lan horiek bigarren zati batekin izanen dute segida. Duela bi urte Uharte Arakilgo Udalak herritarrei inkesta pasa zien egin beharreko lanetan lehentasunak marka zitzaten eta ibaiarena izan zen aurrena. Lanak 237.536 euroko aurrekontua izan zuten. Nafarroako Gobernuak %70eko diru-laguntza eman zuen.