Vueltako etapa bukaera bat San Migelen?

Guaixe 2014ko urtarrilaren 8a

Espainiako Vueltako etapa bat Iruñean hasi eta Aralarko San Migelen despedituko dela aurreratu dute. Uharte Arakilgo Udalak ez du inolako eskaerarik ez informaziorik jaso

Larunbatean aurkeztuko dute, Cadizen, 2014ko Espainiako Txirrindularitza Itzulia edo Vuelta. Vuelta ikusgarria izanen omen da, mendi etapa gogorrekin. Hainbat komunikabidek jaso dutenez, etapa bat Iruñean hasi eta Aralarko San Migelen (1.341 m) despedituko da, Nafarroako eta Sakanako hainbat paraje zeharkatu eta gero. San Migeleko igoera, gainera, Uharte Aralarko pistatik eginen dela filtratu da. 11 km-ko igoera, 886 metroko desnibelarekin eta %8,05 maldako portzentaiarekin. Igoera gogorra eta ikusgarria.

Uharte Arakil eta Aralarko San Migel Santutegia lotzen dituen pista Uharte Arakilgo Udalaren jabetza da. Porlanezko pista da, eta bideko hainbat zati oso egoera kaxkarrean daude, pitzadurez eta zartadurez beteta. Uharte Arakilgo Udalak sarritan eskatu izan du bide hori konpontzea, baina Nafarroako Gobernuak Udalaren jabetza dela erantzun izan du beti eta, horregatik, berari ez dakiola konpontzea. Uharte Arakilgo Udalak pistaren jabetza Nafarroako Gobernuari ematea ere proposatu izan zuen, baina ezezkoa jaso zuten. Pista konpontzea gastu handia da eta Udalak ezin dio bere kabuz aurre egin.
Behin txirrindulari bat lurrera erori zen pitzadura batean gurpila trabatuta geratu zitzaiolako eta min handia hartu zuen. Ordutik, Uharte Arakilgo Udalak zehaztu zuen bidea ez zela txirrindulan ibiltzeko egokia eta bertatik txirrindulak ibiltzea ez zuela baimentzen. Txirrindulari bati zerbait gertatuz gero erantzunkizuna txirrindulariarena zela erabaki zuen orduan Udalak, eta arau hori egun indarrean dago.  

Udalan ez dakite ezer
Uharte Arakilgo zinegotzi Ainara Aiestaranek adierazi digunez, Uharte Arakilen ez dute Vuelta pistatik pasatzeko inolako eskaerarik ez informaziorik jaso. “Vuelta San Migelen despedituko denaren berri prentsan jaso dugu. Gurekin ez da inor harremanetan jarri. Ez dugu inolako baimen eskaerarik edo informaziorik jaso ez eskutitz bidez ez telefonoz ezta inola. Guk ez dakigu ezer” azaldu digu.

Pentsatzekoa da Vueltako etapa bat San Migelen despeditzen dela ziurtatzen bada, antolatzaileek baimena Nafarroako Gobernutik jasoko zutela. “Pistaren egoera oso kaxkarra da eta hala salatu dugu behin eta berriz. Urteak daramatzagu pista hori konpon dezatela eskatuz eta ez digute kasurik egin. Vuelta bertatik pasa behar bada pentsatzekoa da pista konpondu beharko dutela, baina guri ez digute ezer esan. Vuelta hemendik pasatzen dela konfirmatzen bada, horren atzetik zein erabaki edo eskari etortzen diren ikusi beharko da” gaineratu du Uharteko zinegotziak.