Vueltak ekarriko dituenak

Guaixe 2014ko urtarrilaren 17a

Txirrindulariak Aralarren gora. Argazkia: www.pedalierweb.es
Irailaren 3an Iruñea-Aralarko San Migel etapa hartuko du Vueltak. Uharteko udalak ez du ez baimenik ez eskakizunik jaso. Asteartean Pruden Indurainekin bildu ziren eta aurki Vueltako enpresa antolatzaile UNIPUBLIBLIC-ekin bilduko dira, hainbat eskakizun egiteko

Larunbatean konfirmatu zen, 2014ko Vueltaren aurkezpenean. Aurten Sakana zapalduko du Espainiako Vueltak. Irailaren 3an izanen da, Iruñean hasi eta Aralarko San Migel santutegian despedituko den mendiko etapa ikusgarrian (151 km). Iruñetik Tafallara abiatuko da etapa, eta Lizarraldeatik Lizarragako portua igo (2. maila, 1.035 m) eta gero, Lizarragatik jaitsi eta Etxarri Aranatz, Arbizu, Lakuntza, Arruazu eta Uharte Arakil pasa ondoren, Zamartzetik gora Aralarrera igoko da, santutegian despeditzeko (1. maila, 1.200 m).

Vuelta Cadizen hasiko da, Jerez de la Fronteran, abuztuaren 23an, 12,6 km-ko taldekako erlojupekoarekin. Irailaren 14an despedituko da, estreinakoz Madrildik kanpo, Santiago de Compostelan, hain zuzen. 10 km-ko banakako erlojupekoak esango dio agur Vueltari. Tartean, 19 etapa izango ditu Vueltak, eta 11. etapa izango da, hain zuzen, Iruñean hasi eta Aralarko santutegian despedituko dena. Aurreko urteko audientzia datuak eta zaleen gustuak kontuan hartuta, etapa menditsuen eta portu gainean despeditzen diren etapen alde egin du Vueltak, eta hor kokatzen da Aralarko etapa.

Etapa ikusgarria
Etapa ikusgarria izango da. Txirrindulariak Lizarragako 2. mailako portua igo eta jaistetik iritsiko dira Sakanara, eta, berehala, Uharte Arakilgo porlaneko pistatik igoko dira Aralarrera. 11 km-ko igoera gogor eta ikusgarria da Uhartekoa. Uharte Arakilek dituen 455 metroko altueratik santutegiko 1.200 metrora igo beharko dute txirrindulariek, batez besteko %8ko maldekin. Hala ere, tramu konkretu batzuetan %15ekoak dira aldapak. Igoera gogorra da, Migel Indurain txirrindulari handiak adierazi moduan, “Frantziako Tourrerako modukoa”.

Euskal Herriko Itzulia sarritan saiatu izan da Aralarko San Migeleko igoera bere proban jasotzen, baina ezinezkoa izan da pistaren egoera kaxkarragatik eta Nafarroako administrazioak pista konpontzeko inolako kolaborazio ez laguntzarik eman ez izanagatik. Baina badirudi Espainiako Vueltak kolaborazio hori lortu duela eta tropeleko izar nagusiak Aralarren gora ikusteko aukera izango dugula. Jakina, etapak txirrindulazale asko bilduko dituela aurreikusten da. Bestalde, Espainiako Vuelta Nafarroatik eta Sakanatik pasatzeak ere emango du zeresana.

Errepidea konpondu beharko da
Aipatu pista Uharte Arakilgo udalaren jabetza da. Aspalditik egoera nahiko kaxkarrean dago. Igoera hasi eta kilometro t´erdira, gutxi gora behera, daude pistako lehen pitzadurak edo zartadurak. Pitzadura horiek hainbat tartetan aurkitu daitezke, eta pistaren azkeneko kilometroa oso egoera txarrean dago. Espainiako Vuelta bertatik pasatzeko errepidea konpondu behar izango da. Uharte Arakilgo Udalak aspaldi eskatu izan dio Nafarroako Gobernuari pista konpondu dezala, baina Gobernuak beti eman izan du ezezkoa, pista Udalaren jabetza dela argudiatuta. Udalak pistaren jabetza gobernuari ematea ere proposatu zuen, baina Gobernuak ezezkoarekin erantzun zuen. Pista konpontzeak gastu handia du eta Udalak ezin dio bere kabuz aurre egin. Egon daitezkeen istripuak ekiditeko ere, Udalak ez du bertatik bizikletak ibiltzea baimentzen. Txirrindulari bati zerbait gertatuz gero, txirrindulariarena izango da erantzukizuna.

Udala asteartean bildu zen Pruden Indurainekin
Uharte Arakilgo Udalean ez dute Vuelta pistatik pasatzeko baimenik edo jakinarazpenik jaso. “Gauzak egin diren modua, formak, gaizki iruditzen zaizkigu” adierazi digu Uharte Arakilgo Udaleko zinegotzi Ainara Aiestaranek. Aralarko santutegiko kaperauak eta Aralarko Mikel Goiaingeruaren kofradiako ordezkariek bilera eskatua zuten, asteartean, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari Pruden Indurainekin, eta bertan izan zen ere Ainara Aiestaran. “Lehenik eta behin esan diogu gaizki iruditzen zaizkigula Vuelta santutegian despeditzen dela prentsa bidez enteratzea. Gauzak egin diren moduarekin gure desadostasuna agertu diogu. Berak onartu du formak ez direla egokiak izan, baina gaia bere eskutan ez dagoela erantzun digu, eta gainontzeko herrietako udal ordezkariak ez direla azalpen bila joan. Orduan guk erantzun diogu gainontzeko errepideak Nafarroako Gobernuak kudeatzen dituela, baina San Migeleko pista Uharteko herriarena dela, baso-pista bat dela, eta gurekin harremanetan jarri behar zirela” kontatu digu Aiestaranek.

Unipublic-I eskaria: pista konpontzea, euskararen presentzia bermatzea eta beste
Espainiako Vuelta kudeatzen duen UNIPUBLIC enpresak bilera bat egingo du Vueltak ukitzen dituen Nafarroako instituzio eta administrazio guztiekin. “Gu bilera horretara joango gara eta hainbat eskari egingo ditugu. Batetik, segurtasunarena. Pista konpondu beharra dago derrigorrez. Guk ez dugu eskatu Vuelta hemendik pasatzea, eta, hortaz, guk ez dugu pistaren konponketa ordainduko, nahiz eta pista gurea izan. Ez da soilik pista konpontzea. Bidea garbitu, sasiak kendu… lan asko egin beharko dira. Horretarako, lehenik eta behin gure arkitektoari eskatuko diogu pistaren egoerari buruzko txosten bat prestatu dezala, pista eta pistaren ingurunea nola dagoen zehazteko. Eta jo behar dugun gune guztietara joko dugu” adierazi digu zinegotziak. Beste hainbat eskakizun eramango dituzte bilerara, tartean hizkuntzaren ingurukoak. “Etapa San Migelen despedituko denez, Uharte Arakilgo dermioan, guk Uharten aplikatzen ditugun hizkuntza-eskariak bete ditzatela eskatuko diegu. Hau da, sari emateetan eta beste euskararen presentzia ziurtatzea. Horretaz gain, etapa telebistaz emateko makina bat azpiegitura jarri beharko da eta hori ere aztertu beharko da, nola egin… Gero Udalak tasa batzuk ditu… denetatik hitz egin beharko dugu” gaineratu du zinegotziak.