Sakanako beste udal batzuei bezala, auzitegiek Uhartekoa ere udaletxean Espainiako bandera jartzera behartu dute. “Inposaketa salatzeko eta Ikurrina jartzeko debekuaren kontra egiteko” Uharten Guk Gureak taldeak herritarrak erantzutera deitu zituen. Igande eguerdian ikurrinaren irudia osatuz mosaikoa egin zuten makina bat uhartearrek.
Ikurren gainean herrian erabaki nahi zutela aldarrikatu zuten. Ekitaldian gogora ekarri zutenez, “azken 30 urtetan ez da banderarik egon udaletxean. UPN eta PPren gobernuek bandera arrotza inposatu digute eta herriko jendearen erabakitzeko eskubidea urratu digute”.
Udazkenean herritar talde baten ekimenez sortu zen Uharte Arakilen Guk Gureak elkarte berria. Elkarte berriak hiru helburu izanen ditu: memoria historikoa berreskuratzea, euskal kultura bultzatzea eta euskal nortasuna babestea. Lastailean Euskal Astea antolatu zuten, bi urtean behin antolatuko dutena, eta bestelako ekimenak eginen dituztela iragarri zuten.