Ostegunean egindako bilkuran Uharte Arakilgo Udalak aurtengo aurrekontuak onartu zituen. 872.884 euroko diru kontuei baiezkoa eman zien Bilduk. Plenoan ez ziren egon PPko zinegotziak. Aurtengo udal inbertsio handiena Itxesia kalearen hegoaldeko muturra egokitzea dago. Futbol zelaiaren eta igerilekuko sarreraren arteko 190 metro inguru horietan sareak eta zoladura berrituko du udalak. Horretarako 132.366 euroko inbertsioa eginen du. 57.000 euro udalak jarriko ditu eta gainontzeko 85.000 euroak Nafarroako Gobernuaren Tokiko Azpiegitura Planetik etorriko dira. Lanak apirilean hasiko da.
Bestelako inbertsio txikiagoak egitea ere aurreikusi du aurten Uharte Arakilgi Udalak. Ainara Aiestaran alkate ordeak jakinarazi digunez, udaletxearen goiko ganbararen erdia egokitu eginen dute. “Bi gela sortuko ditugu: bat erabilera anitzekoa izanen dena eta bestea artxiborako”. Aiestaranek zehaztu digunez, “pixkanaka ganbara guztia konpondu nahi genuke. Udan kontratatuko dugun langile batek erdi horretan lurra jarri eta paretak eginen ditu”. Udaberrian, bestalde, zenbait kaletako zuloak konponduko ditu udalak. Diru-laguntzarik gabe konponketa handiagotan ezin baita sartu.
Alkate-ordeak nabarmendu duenez, legengintzaldi honetan udalaren finantza egoerak hobera egin du. Horretarako “iruzur fiskalaren kontra zorrotz aritu gara eta hirigintza araudia ere zorrotz segitu ditugu. Argindar kontratuak, aseguruenak eta telefonoenak errebisatuz diru-xahutzearekin bukatu dugu”, esan digu Aiestaranek. Azaldu digunez, 2011n 1.013.976 euroko zorra zuen udalak; 2012an 945.710ekoa izan zen eta 2013an 886.480 eurokoa. “Burua erabiliz gastatu dugu eta horri esker egin ahal izan dugu ibaiko lanen lehen fasea eta Itxesikoa”.
Autokarabanak
Itxesiko aisialdi gunean gaur egun, futbol zelaia, igerilekuak, taberna-jatetxea eta herri kiroletan inspiratutako parkea daude. Inguru hari bultzada eman asmoz Uharte Arakilgo Udalak autokarabanendako espazio bat prestatuko du aurten. Itxesia kalearen akaberan egonen da, azken etxetik segituan. Han dauden zuhaitzak errespetatuz, lurrean kaskailua zabalduko dute eta ibilgailuek argindarra izan dezaten azpiegitura elektrikoa jarriko dute. Lanen aurreneko faseak 10.000 euroko aurrekontua dute. 7.000 euro Cederna-Garalurrek kudeatzen duen Leader programaren bidez etorriko dira eta gainontzeko 3.000k udalak jarriko ditu.