Gaur, 19:43an, 17 urte beteko dira Bartzelona eta Hendaia lotzen zuen Miguel de Unamuno intercity trena Uharte Arakilen bidetik atera zela. Aste Santu akabera hartako ezbeharrak 18 hildako eta 10 zauritu utzi zituen, haietako 5 larri. Hildakoetako bat emakume altsasuar bat izan zen. Ezbeharra gogoan, urtero moduan, tren istripua pairatu zutenei, bai hildakoei, bai bizirik atera zirenei, baina baita erreskate lanetan laguntza eman zutenei ere omenaldi xumea egin zitzaien Uharte Arakilen atzo.
Hildakoak gogorarazteko elizkizuna eta gero ezbeharraren tokian dagoen oroigarrian lore eskaintza egin zuten elkartutakoek. Hartan parte hartu zuen Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiak. Herrialde hartakoak izan ziren hildako gehienak, 10, eta haien senideek Aldundiari adierazi izana zioten ezbeharra gertatu zenean eta ondoren uhartearrek izandako eskuzabaltasuna eta elkartasuna eskertu beharra zegoela. Garitanok, Gipuzkoaren izenean, lore eskaintzan parte hartu zuen eta egindako guztiagatik uhartearrendako esker oneko hitzak izan zituen.
Izan ere, arratsalde eta gau hartan, ezbeharraren tokira iristen eta laguntza ematen lehenak uhartearrak izan ziren. Zaurituak euren autotan eraman zituzten ospitalera batek baino gehiagok. Zaurituak etxean hartu zituztenak ere asko izan ziren. Laguntza iritsi zenean ere trenetik zaurituak eta hildakoak ateratzeko langintzan aritu ziren uhartearrak.