Ustarroz, ikastetxe izandakoan, ikasleei erakusteko

Guaixe 2014ko maiatzaren 29a

Ustarrozek Iruñean erakusgai dituen piezetako batzuk.
Eskultureak bere tailerrean egiten duenaren lanen lagin bat eraman du.

Iruñeko Arte Eskolak zentroko eskultura zikloko laguntzaile diren enpresen erakusketa prestatu du. Ikastetxeko ikasleak praktiketan hartzen dituzten sei enpresaren lanak daude ikusgai erakusketan, horien artean Miren Ustarrozen Harbizi eskultura tailerra. Ikasketak despeditu eta azken proiektua egin aurretik ikasleek praktikak egin behar dituzte.

Uhartearrak esan digunez, erakusketan jarritako piezak ikasleek tailerrean egin dezaketenaren lagin bat dira. Alde batetik, hilarriak izan daitezkeen eskulturak daude ikusgai Iruñean; maketak eta bolumen txikiko piezak. “Testu-ingurutik kanpo hilarriaren zentzutik ihes egin eta eskultura izan daitezke. Mugako hori gustatzen zait”, esan digu Ustarrozek. Bestetik, errautsak jasotzeko zelulosazko kutxa biodegradagarriak edo pasta zeramikoarekin egindakoak jarri ditu erakusketan. Azken horiei euskal estetika ematen die.

Gaur egun kutxei bultzada eman nahian dabil Harbizi eskultura tailerreko arduraduna eta horretarako donostiar batekin elkarlanean ari da. Enpresa batendako sariak egiten ari da ere. Eta hilarri eta etxaurrean ere egiten ditu. Eguneroko lanak bere proiektuetarako denbora gutxi uzten dio, baina tarteka aritzen da.

Praktikez
Ustarrozek Arbizun duen tailerretik ikasturtero ikasle bat pasatzen da eta errealitatean egitea tokatuko zaizkien lanak eginarazten dizkie (moldeak, margotzea, hilarriak…), “lan ez oso zailak, baina txukun egin ditzaketenak”. Aurretik ikastetxeko ikasle izana da eta badaki zertaz ari den. Pasa den urtean olaztiar bat izan zuen tailerrean eta oso ongi egon zirela azaldu digu. Heldu den hilean aste bat eta gutxirako hartuko du beste ikasle bat.

Ordutegia
Ostiralean zabaldu zituen ateak eta garagarrilaren 13ra arte ikusgai izanen da, astelehenetik larunbatera, 19:00etatik 21:00etara.