Zamartzeko arkeologia indusketa

Arkeologoak Zamartzeko aterpean

Guaixe 2014ko uzt. 11a, 08:08

Azken asteko euriek Zamartzen dauden nazioarteko arkeologoen lana moteldu dute.

Garagarzaro hasieratik iraila akabera bitartean arkeologoak Zamartzen lanean ariko dira, erromatarraren gunean eta Erdi Aroko hilerrian. Arkeologi indusketen bosgarren kanpaina da aurtengoa. Aurreko urteetako lanaren ondorioz, arkeologoek arreta eta kontu handiagoz aritu beharra dute. Horregatik, aurten soilik 20 arkeologo ikasle ariko dira Uharteko indusketan.

Aditu arkeologia zerbitzuak enpresako Fran Valle de Tarazaga Montero (indusketa eta ikerketa arduraduna, erromatar gunean ariko da) eta Emma Bonthorne dira (osteoarkeologoa, hezurduren arduraduna, hilerrian ariko da), atzera ere, indusketako arduradunak. Franek esan digunez, aurten aurreko urteetan baino lehenago hasi dira industen, “lau kanpainen ondoren indusketa ondorengo lana handiagoa da eta txostenak eta bestelakoak prestatzeko denbora gehiago behar dugu”.

Ikasleak
Arkeologia ikasleak AEBtik , Erresuma Batutik edo Kanadatik etorriko dira. Pasa den urtetik ikasle onek indusketan errepikatzeko aukera dute, taldeko kide gisa parte hartuz. Pasa den urtean hala aritu ziren lau ikasle. Aurten beste lau ikaslek errepikatuko dute.



Erdi Aroko hilerria
Pasa den urtean hilerriaren lehen garaietara iritsi ziren arkeologoak. Franek esan digunez, “orain lana arduratsuagoa eta zorrotzagoa izanen da. Hilerriko aurreneko garaiko lurperatzeak harrizko egiturarik gabeko hobian egin ziren. Hezurdura lurretik ateratzean informazioa eman dezaketen elementu gutxiago daude. Gainera, monasterioaren jatorriari buruzko gure informazio iturri bakarra da”. Arkeologoak hilerrian bertikalean lanean jarraituko dute lehen etapen berri zehatzagoa lortu asmoz, eta mailen jarraipena ulertu asmoz.

Izan ere, pasa den urtean arkeologoek egiaztatu zuten aurreneko hilobiak erromatarren mailan zulatu zirela. Hala ere, erromatarren garaitik Zamartzen giza presentzia etengabea izan ote den arkeologoek ezin izan dute ziurtatu. “Hala ere, ondorioak ateratzeko goizterregi da”, esan digu Franek.

Opatutako hezurduren arreoak oso pobreak dira eta gehienek ez dute identifikatuko dituen elementurik edo hilobiratze data argituko duenik. Hala ere, indusketan zehar agertu diren Erdi Aroko elementuek hilerrian dauden pertsonen inguruko informazio pixka bat ematen dutela dio Franek. “Gerriko mihi dekoratuak eta ezproi urreztatuak Zamartze nobleendako edo zaldunendako lurperatze toki zela erakusten digute. Erromesen maskor eta pordoiek Zamartzek Donejakue bideko ospitale gisa zuen garrantziaren berri ematen dute”, esan digu Franek.

Adituko arkeologoak esan digunez, indusketa fasea despeditzean hezurduren laborategiko ikerketa kimikoari ekinen diote. Hori egin ahal izateko analisi estrategia zehazten ari dira gaur egun arkeologoak. Hori “prozedura oso garestia eta delikatua” dela esan digu Franek, eta gaineratu du “aurten hilobiratze maila goiztiarrenetan ariko garenez, analisiak egiten azkar hastea espero dugu”. Bitartean izan zituzten osasun arazoen inguruko berriak jaso dituzte.


Erromatar gunea
Arkeologoek helburu zehatz batekin zabalduko dute indusketa eremua: aztarnategiko tokien arteko espazioak murriztu eta, aldi berean, kokalekuaren hirigintza hobe ezagutzea eta aurreko indusketa kanpainetan agertu diren horma eta eremu batzuk hobe ulertzea. Monasterioko belardiaren iparraldean 50 metro karratu edo zabalduko dute. “Eremu oso interesgarria da eta aitzinako Sakanari buruzko informazio asko emanen digula espero dugu”, azaldu digu Franek.

Arkeologoen aurreko urteetako lanak ziurtatu du I eta IV. mendeen artean Zamartzen presentzia jarraitua izan zela. Baina ez dakite erromatarrek kokalekua utzi ote zuten. “VI. eta X. mendeen arteko garaiari aztarnategiaren aldi iluna deitzen diogu, gutxien dakigun garaia delako. Espero dezagun hilobiratzeen lehen mailek garai ilun hori gehiago mugatzen laguntzea”.



Boluntarioak
Indusketan boluntario lana egin nahi duenak info@aditu.info helbidera idatzi behar du.

 


Bisita gidatuak
Larunbatero, 11:00etan, indusketara bisita gidatuak izanen dira. Talde edo erakunderen batek beste egunen batean bisita antolatu nahi badu info@aditu.info e-postara zuzendu dezala eskaera.