Pasa den hileko bilkuran Uharte Arakilgo Udalak Iriburu eta Zubiaur-Mendikoa industrialdeen egoera desblokeatzeko erabakia hartu zuen. Lastailan erabaki bera hartu zuen Uharte Arakilgo Udalak, baina ilbeltzean Nafarroako Gobernutik akordio hura baliogabe uzteko eskatu zioten. Otsailean, bestalde, udalean jakin zuten Espainiako Auzitegi Gorenak atzera bota zuela industrialdearen sustatzaileek jarritako kasazio helegitea.
Gauzak horrela bi administrazioetako teknikariek industrialdearen egoera desblokeatzeko eta legeztatzeko moduak aztertu dituzte. Ainara Aiestaran alkate-ordeak esan digunez, “hiru urte daramatzagu desblokeatzen saiatzen, guztiz legeztatu eta jarduera lizentziak ematen hasteko”. Teknikarien elkarrizketen eta udalaren behin behineko onarpenaren ondoren, Aiestaranek Nafarroako Gobernuaren behin betiko onarpena etorriko dela espero du. Antza, industrialdean kokatzeko interesa luketen enpresak leudeke.
Auzi-bide luzea
Udalak hartu zuen erabakiarekin epaia betearaztearen eta legeztatzearen prozesu bikoitza osatu nahi du eta 2005ean hasitako auzia itxi. Urte hartan udalak berak dermio horietako hirigintza arauak aldatzea erabaki zuen, haietan industrialdeak egiteko. Baina epaitegiak bertan behera utzi zuen udalaren erabakia orduko alkateak bozketan abstenitu beharra zuela azalduz. Epaia iritsi zenerako, ordea, Iriburuko industrialdeko 66.000 metro karratu urbanizatuak zeuden.
Itxesiako lanak
Udalak aurten Itxesia auzoko kalearen zati bateko zorua eta sareak berritu nahi ditu, futbol zelaiaren eta igerilekuko sarreraren arteko 190 metroak. Bi baimenen zain daude udalean lanak egin ahal izateko. Haiek jasota ere, udalak igerileku sasoia despeditu ondoren lanak hastea nahi luke. Lanek 132.366 euroko aurrekontua dute. Udalak 47.300 euro jarriko ditu eta Nafarroako Gobernuaren Tokiko Azpiegitura Planetik 85.000 euro jasoko ditu.