Vuelta hilabete batera eta pistan konponketarik ez

Guaixe 2014ko abuztuaren 1a

Aralarko santutegirako pista hainbat tokitan zartatuta dago.

Uharte Arakilgo Udala pista konpontzeko Nafarroako Gobernuaren erantzunaren zain dago

Espainiako Vuelta irailaren 3an pasako da Sakanatik. Iruñean abiatuta, Lizarragako portutik sartuko da Sakanara eta etapa San Migelgo santutegian despedituko da, Uharteko baso-pistatik igota. Pista Uharte Arakilgo Udalaren jabetza da eta Udalak ez zuen lasterketa bertatik pasatzeko baimen eskaerarik ere jaso, horren berri prentsaren bidez jakin zuen. Jakina, formak ez zitzaizkion egoki iruditu udalari.

Gauza jakina da pista egoera kaxkarrean dagoela, pitzaduraz eta zuloz beteta. Uharteko Udala sarritan saiatu da pista konpondu ahal izateko Nafarroako Gobernuaren laguntza eskatzen, baina ez du jaso. Nafarroako Gobernuaren erantzuna, betikoa: pista Uharte Arakilgo Udalaren jabetza dela eta udalari dagokiola konpontzea. Baina sekulako dirutza da eta Uharteko Udalak ezin dio aurre egin. Behin txirrindulari batek mina hartu zuen pistan erorikoa izan eta gero, eta ordutik Udalak zehaztu zuen pista ez dela egokia bertatik txirrindulaz ibiltzeko. Hortaz, bertatik ibiltzearen ardura txirrindulariek hartzen dute bere gain.

Vuelta pistatik pasatuko zela jakin bezain pronto, Uharte Arakilgo zinegotzi Ainara Aiestaran Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari Pruden Indurainekin bildu zen. Aiestaranek adierazi zuenez, Indurainek pista konpontzeko konpromisoa hartu zuen. “Guk ez dugu Vuelta eskatu eta hortaz, guk ez dugu pistaren konponketa ordainduko. Gure arkitektoek txosten bat prestatu zuten eta pistan zein konponketa egin zehaztu zuten. 174.500 euroko aurrekontua eskatzen zuten lanek. BEZ-a gabe. Pruden Indurainek esan zigun berari ere Sustapen Departamentutik balorazio bat egin ziotela eta 100.000 euro pasako lanak aurreikusten zirela. Ados zegoen guk aurkeztutakoarekin. Baina ordutik euren atzetik ibili gara eta ez dugu konpromiso gehiagorik jaso” azaldu digu Aiestaranek.

Erantzunik ez
Vueltako San Migelgo hilabete bat barru jokatuko da eta pistan ez da inolako lanik egin. Guaixetik Nafarroako Gobernuko Sustapen Departamentura eta Kirol zuzendaritzara jo dugu lanak egingo ote diren edo ez galdetzeko, eta pista Nafarroako Gobernuaren jabetza ez denez, bertan ez dela lanik egitea aurreikusten izan da jaso dugun erantzuna.

Uharteko Udalera jo dugu berriz, eta oraindik erantzunaren esperoan daudela konfirmatu digute. “Sustapen Departamentuko Errepideen Mantenu alorreko proiektuen zuzendari orokorrak esan zigun pistaren inguruko balorazioa egina zutela, baina ez digute balorazio hori bidaltzen. Gu atzetik gaude, balorazio hori eskaka, baina ez dugu erantzunik. Gainera, Pruden Indurain oporretan egongo da agorrilaren erdialdera arte eta ez dakigu ezer. Kezkatuta gaude segurtasunarengatik, pista egoera txarrean dagoelako. Gozokia aurrean jarri ziguten, pista konponduko zutela, baina hilabete eskasa falta da probarako eta ez dugu berririk” dio Uharte Arakilgo zinegotzi Juanak.

Lanekin hasteko beranduegi da jada. Pentsatzekoa da pitzadura eta zulo potoloenak behintzat estali edo partxeatu beharko dituztela. Pentsatzekoa zen Vueltaren aitzakian pista konponduko zutela, baina Nafarroako Gobernuak ez du erantzuten.