Igandean 47 urte beteko ditu Uharte Arakilgo Artzai Egunak. Aralar Mendi elkarteak urte horiek guztiak daramatza artzainen festa bilakatu den jai herrikoi eta polita antolatzen, eta urtero jendetza biltzen da Uharteko kale eta txoko ederretan.
Urtero errepikatzen diren ekitaldiek ez dute huts eginen: gazta txapelketa entzutetsua, zenbaki potoloak mugitzen dituen enkante ikusgarriarekin, ardi mozte txapelketa ikusgarria, ardi latxa esne-ekoizpen lehiaketa, ardiki gisatuaren lehiaketa eta nola ez, artzain txakurren lehiaketa. Horrekin batera mota guztietako jaki eta gutiziak eskaintzen dituzten hamaika postu, musika lagun primerako giroan mokadutxo goxoak hartzeko txosnak eta tabernak, artisau postuetan galtzeko aukera, gazta bikainak erosteko parada, azken teknologiako lanabes eta makineriak gertutik ikusteko modua, aspaldiko ezagunekin elkartzeko aukera eta animatzen denarendako herri bazkari paregabea. Eta arratsaldean txakurrek artzainen aginduei nola egiten dieten kasu jarraitzeko aukera.
Aralar Mendi elkarteak garai bateko artzaintzaren bizimodua gogora ekarri nahi du festarekin, eta, aldi berean, egungo artzainak omendu nahi ditu festa giroan. Ogibide zahar honek sortzen dituen produktuei bultzada eman nahi zaie, eta horretarako, artzainen bizitza eta baliabideak ardatz hartuta prestatzen da egitaraua. Artaldeak Aralar menditik Beriainera nola pasatzen ziren gogoratzeko, 11:30ean artalde batek Uharte Arakilgo herri gunea zeharkatuko du, Ordiziako azokan egiten den antzera.
Omenduak: Mixel Lekuona eta Jose Agirrezabal
Urtero omenaldietarako tartea dago Artzai egunean. Idiazabal Jatorri Izendapeneko lehendakari eta Artzai Eguneko antolatzaile Joxe Mari Ustarrozek adierazi digunez, Uharte Arakilgo festari lotutako bi pertsona omenduko dituzte, in memoriam, iaz zendu baitziren.
Bata Mixel Lekuona da. Biriatuarra jaiotzez, Makeako apeza izan zen eta irakaslea Institutuan. “Euskal Herriko artzain eta gaztagileekin lotura handia izan zuen. Teknikari bikaina, gazta lanbidean hasieran asko lagundu zuen, aholkuak emanez. Izan ere, hasieran gaztagintza ez zegoen batere arautua, eta berak izugarri lagundu zuen gaztagileen eta gaztagintzaren arauketan eta beste. Eta genetikan, ardien hobekuntzan ere lagundu zuen. Gazta lehiaketa egiteko lehen kontaktua berarekin egin genuen. Maiatzaren 1ean Biriatun omenaldia egin zioten eta han egon ginen, eta egin zuen lanagatik errekonozimendua egin nahi diogu Artzai Egunean” azaldu du Ustarrozek.
Beste omendua Jose Agirrezabal izango da. Legazpiko Brinkola auzokoa, Hiriberrin albaitari izan zen urte luzez. “Historian atzera eginez Gironan egin zen Estatuko lehen artzain txakur lehiaketa. Oñatiko mendigoizale taldeko lagunak lanean hasi ziren Euskal Herrian I. Artzai Txakur Lehiaketa antolatzeko eta Gironako Josep Rius artzaina Oñatira ekarri zuten, txapelketako nondik norakoak azaltzeko. Horrela, txapelketa antolatzea lortu zuten. Txapelketa zabaltzeko, Oñatiko taldeak Nafarroakoa Uharte Arakilen antolatzeko proposamena egin zuen. Jose Agirrezabal haien laguna zen eta hemen ibiltzen zen, eta gurekin parte hartu izan du edizio askotan. Bera iaz zendu zen eta berari ere gure eskerrik onena azaldu nahi diogu, omenaldiarekin” adierazi du Ustarrozek.
Halaber, Oñatira azalpenak ematera etorri zen lehen artzaina, Josep Rius, duela gutxi hil da. Artzai Eguneko 40. edizioan omenaldia egin zioten, baina Uharteko aurtengo festan bere lana ere gogoratuko dute.
Egitaraua
Artzainen omenaldi festa
10:00etan Epaimahaiaren hautaketa. Aurreskua.
10:30etik 14:30era Nafarroako ardi latxa esne gordinaz egindako gaztaren XXXIII. txapelketa. Saritutako gazten enkantea, dastatzea eta gaztaren feria.
10:30etik 13:30era Nafarroako XXXI. ardi latxaren erakusketa eta esne-ekoizpen
lehiaketa. Latxa arrazako ardi aukeratuen XI. lehiaketa nazionala (hau da bertako ardi latxaren txapelketarik garrantzitsuena).
11:30ean Aralar-Andiara aldaketa egiten, herrian barna artaldea pasako da. Goizean Artzain bat betidaniko erara gazta egiten ikusi ahal izango dugu Donibane plazan.
11:00etatik 13:00etara Nafarroako XXVII. ardi mozte mekanikoaren txapelketa,
Espainiako txapelketarako sailkagarria.
11:00etatik 12:00etara Euskal artzain txakurren, Pirinioetako artzain txakurren eta
galzorian dauden arrazen XXII. erakusketa.
12:00etan Agur Jaunak. Artzain egunarekin eta kulturarekin parte hartu duten pertsona, entitate eta taldeei omenaldia.
12:15ean XX. ardiki gisatuaren txapelketa eta dastatzea.
12:45ean Nafarroako ardoen XX. dastatzea.
13:30ean Goizeko lehiaketa guztietako sariak eta txapelak banatuko dira. Ondoren,
gazta erdi irabazlearen enkantea plazan.
14:30ean Uharte Arakilgo frontoi estalian herri bazkaria: Nafarroako axuria parrilan erreta (txartelak argibide mahaian salduko dira goiz guztian barna).
17:00etan Nafarroako bertako 47. Artzain Txakurren Lehiaketa Ofiziala Geinberako
barrutian (Euskal Herriko eta Oñatiko Nazioarteko txapelketetarako sailkagarria). Partaide eta antolatzaile zaharrei omenaldia.
*Goiz guztian zehar: gazten eta eskuz eginiko beste produktuen erakusketa; eskulanen erakusketa: kaikuak, egurrezko uztaiak, apaingarriak, zeramika, egurra, ardazlariak, taloak, jakiak… Euskal dantza, musika taldeak eta joaldunak.
Artzai eguneko informazio guztia hemen.