Uharteko Udalak prentsaurreko batez pistaren egoera txarra salatu zuen, pitzaduraz eta zuloz betea baitago. “Udaletik argi eta garbi adierazi nahi dugu pistaren egoeragatik ezbeharren bat edo istripuren bat gertatzen bada, Udala ez dela erantzulea izango. Vueltako antolatzaile Unipublic eta Nafarroako Gobernua izango dira erantzuleak” nabarmendu zuen alkateak. Izan ere, nahiz eta Uharteko udaleko ordezkariei hitzez pista konpontzeko lanak egingo zituela adierazi, Vuelta pasatzeko 8 egunen faltan Nafarroako Gobernuak ez zituen inolako konponketarik egin.
Salaketa horrek eta beste hainbatek, badirudi bazterrak astindu zituela eta, azkenean, pitzadura nagusienak nolabait makillatu edo partxeatu egin behar izan ditu Unipublice. Nafarroako Gobernutik adierazi dutenez, nonbait, kostuak Unipublicek hartuko ditu bere gain. Langileak korrika eta presaka aritu dira porlanarekin lauzpabost pitzadura nagusienak estaltzen. Horretaz gain, Vuelta pasatuko den eremuan bazterrak garbitzeko lanak, pitzadurak zigilatu eta batxeak konpontzeko lanak eta beste egin ditu Nafarroako Gobernuak. Bestalde, Lizarragako tuneleko hormak edo hastialak zuriz margotu dituzte, tunelak ez baitu argiztapenik. Ildo honetan, Vuelta bertatik pasatzen denean Nafarroako DYAk tunela argiztatuko du.
Bukatzeko, Nafarroako Gobernuak “Nafarroako Erresuma-Nafarroa” eta “Reyno de Navarra-Navarra” leloa errotulatu du Vuelta pasatuko den errepideetako hainbat eremutan, tartean Sakanan.