Vueltak kirol ikuskizun bikaina utzi zuen asteazkenean Aralarren, baina alde negatibo bat baita ere. Milaka ikusle bildu ziren Aralarren, eta askoren jokabidea ez da behar bezalakoa izan. Izan ere, zaborrez beteta utzi dituzte Uharteko pista eta santutegiaren inguruak. Dagoeneko sare sozialetan makina bat bideo eta irudi agertzen dira horren salaketa egiten. Honen aurrean, Unipublic antolakuntzaren irudia ez da ongi geratzen.
Uharte Arakilgo Udaletik adierazi digutenez, argi eta garbi utzi zieten Unipublicekoei Aralarreko natur parkea aurretik zegoen bezala utzi behar zutela, garbi-garbi. 3.000 euroko fidantza zehaztu zuen udalak, Unipublicek onartu zuena. “Asteazken gauean bertan basozainetako batek aipatu zuen soilik santutegi inguruetan 3 kamioi adina betetzeko zaborra zegoela. Guztiak harrituta gaude garbiketa lanak berehala ez zirelako hasi” adierazi dute Uharte Arakilgo udaletik. “Vueltako etapa despeditu eta berehala garbiketa lanak hasiko zirela uste genuen denok. Alde horretatik, harrituta geratu gara. Emandako irudia ez da batere ona, zaborrez beteta gelditu baita dena” gaineratu dute.
Gaur hasi dira garbiketa lanak
Atzo, ostegunean, ez zuten garbiketa lanik egin eta hori ez dute begi onez ikusi santutegikoek, basozainek eta Uharte Arakilgo udalekoek ere. Nonbait santutegitik Nafarroako Gobernura deitu zuten azalpen eske. Partikularren batek ere salaketa jarri duela jakin dugu.
Uharte Arakilgo Udaletik adierazi digutenez, Unipublicen langileak gaur hurbildu dira santutegira, eta bertako ingurunea garbitzen hasi dira. “Ondoren pistatik behera egingo dutela adierazi digute, garbiketekin segitzeko. Guk gainean jarraitzen dugu. Ikusiko dugu nola uzten duten dena eta ondoren baloratuko dugu eta erabakiko dugu ea fidantza horrekin zer egin behar dugun. Helburua Aralar lehen zegoen bezala uztea da” nabarmendu dute Uharte Arakilgo udal ordezkariek.