Uharte Arakil-Beriain, igoera bertikala

Guaixe 2014ko irailaren 20a

199 korrikalari arituko dira, bihar, Uharte Arakil-Beriain VI. Km Bertikalean

Aralar Mendi elkarteko mendi klubak hainbat babeslerekin batera antolatuta, bihar, irailaren 21ean, Uharte Arakil-Beriain VI. Km Bertikala jokatu da. Goizeko 10:00etan abiatuko da proba Uharte Arakilgo frontoitik. Dortsalen banaketa eta helmugara igotzeko arroparen bilketa, berriz, herriko plazan egingo da, goizeko 8:00etatik 9:30era. Uharte Arakilgo proba Nafarroako Mendi Lasterketen Helvetia Aseguruen Koparako baliagarria da.

Uharte-Arakil-Beriain Km Bertikalean 199 korrikalari zeuden izena emanda, aurreko urtean baino 37 gehiago. Proba hauetan egin ohi denez, parte hartzaileak banaka-banaka aterako dira, proba kronometratua izanen baita. Uharte Arakildik (471 m) aterata Beriaingo San Donato ermita izanen dute helburu parte hartzaileek (1494 m). Proba motza da, baina intentsitate handikoa: 5 km-ko lasterketa, baina 1.023 metroko desnibelarekin eta sekulako etapa eta maldekin.

Gainontzeko korrikalarien denboraren erreferentziarik ez dutenez, lasterkariek erlojuaren kontra eta euren buruaren kontra egin behar izaten dute lana. Joan den urtean, 162 korrikalari aritu ziren, tartean 32 sakandar. Azkarrenak Ionut Zinca (42:42) eta Leire Arrizabalaga (49:47) izan ziren, eta Ander Unzurrunzaga izan zen sakandar azkarrena, 6. postuan sartu eta gero. Aurten ere puntako espezialistak aritu dira.

Zuzenean
Edozein toki da aproposa proba jarraitzeko, baina azken zatia da gogorrena eta ikusgarriena.

Sariak
Emakumeendako eta gizonezkoendako sariei dagokienez, txapeldunek garaikurrak, txapela eta  dirua (300€) jasoko dituzte, bigarrenek garaikurra eta dirua (150€) eta hirugarrenek garaikurra eta dirua (100€). Beteranoendako garaikurra izanen da.
Bestalde, antolakuntzak aurreko urtean aldaketak egin zituen ibilbidean. Pista zati bat kendu eta menditik tarte gehiago sartu zuen. Horregatik, 2013an Ionut Zincak (42:42) eta Leire Agirrezabalak (49:47) egindako denbora hartu dute oinarri errekorra gainditzeko. Irabazleek, gizonezkoak zein emakumezkoak, denbora hori hobetzen badute, errekorra apurtu eta 300 euroko saria lortuko dute.

www.uhartearakil-beriain.com
Probako informazio guztia, ibilbideen track-a eta beste.