Egun handiak Aralarko santutegian

Guaixe 2014ko irailaren 26a

Jendea poliki bilduko da asteburuan eta astelehenean santutegian.

Astelehenean ospatuko da San Migel eguna, baina bihartik elizkizunak izanen dira.

Aralarko santutegia jendetza erakarriko du asteburuan eta astelehenean. Irailaren 29a, San Migel eguna, lan eguna izanda ere fededun askok hartuko dute Aralarrerako bidea. San Migelen bederatziurrena bihartik astelehena bitartean ospatuko da, 18:00etan.

Igandean santutegira joaten direnak 11:00etan, 12:30ean eta 18:00etan izanen dituzte elizkizunak. Astelehenean, San Migel egunean, berriz, lau meza aurreikusi dira: 10:00etan, 11:00etan, 12:30ean eta 18:00etan. Ohikoa denez, elizkizun bakoitzaren ondoren aingerua gurtzeko aukera izanen da. Hala nahi duten fededunek bai igandean bai astelehenean aitortzak egiteko aukera izanen dute. Francisco Perez artzapezpikua santutegira etorriko dela iragarri dute.

Ermandadearen eguna
Jakinik egun hauetan jende asko pilatuko dela santutegian, bihar ospatuko da San Migelen Ermandadearen eguna. Kofradiarekin zerikusia duen erakundea da ermandadea. Aingeruaren irudia herriz herri egiten duen ibilbidean hura eramaten duten apaiza eta laguntzailea ostatatzeko eta irudia gauez zaintzeko eginkizuna dute ermandadeko kideek. Herri bakoitzean etxe bat dago. Ermandadeko kideak bihar, larunbata, eguerdian eginen den mezan elkartuko dira. Bihar, 18:00etan, bezperako meza ere izanen da.