Euskaraz bizi nahi dugu!

Guaixe 2014ko urriaren 21a

Makina bat uhartear lelo hori oihukatuz despeditzen da Uharte Arakilen hilaren 11n grabatu zen lip-dub-a. Uharte Arakilgo Euskara Batzordeak eta Galtz-Horratz kultur Taldeak antolatu zuen grabazioa eta Sakanako Mankomunitatearen babesaz. Donibane plazako iturrian hasi eta udaletxeko plazan despeditzen da bideoa. Guztia grabatu ondoren, merezitako auzatea izan zen parte-hartzaile guztiendako.

Esne Beltza taldearen Nahi dut kantuaren doinuek kamera aurrean dantzan jarri zituzten uhartearrak. Igor Razkin zuzendariak Xabier Unanuaren zuzendari teknikoaren laguntza izan zuen. Mikel Lareki steady kameralariak hartu zituen irudiak eta musika teknikari lanetan Ioana Ijurko eta Mikel Balda aritu ziren.

Parte-hartzaileak
Aralar Mendi areto futbol taldea, Haur Eskola, Haur Txokoa, Uharteko tabernariak, fronteniseko neskak, Aralar Mendi elkartea, Uharte Arakilgo erraldoi eta buruhandien konpartsa, KM Bertikaleko antolatzaileak, irristaketa taldea, Uharte Arakilgo zanpantzarra, Di-da musika taldea, Eskozor musika taldea, Galtz-horratz dantza taldea, pilates taldea, Uharte Arakilgo Udala eta adin guztietako makina bat uhartear.