Uhartearrak hirigintza planaren berritzean parte hartzen ari dira

Guaixe 2014ko abe. 11a, 17:52

Ilbeltzaren 15ean eztabaida saioen ondorioak jakinaraziko dituzte

Gaur egun Uharte Arakilen indarrean dagoen hirigintza plana 1991koa da eta zaharkitua dago. Udalak aldaketa zehatzen bitartez bideratzen ditu jasotzen dituen hirigintza egitasmoak. 23 urteren ondoren, hirigintza planak berritzea behar duela iritzita, horri heldu dio udalak. Eta legeak hala eskatzen duenez, herritarren parte hartze zuzena sustatzen duen prozesua abiarazi du. Hura dinamizatuko duen teknikaria (Txema Jurado) kontratatzeko 4.500 euro bideratu ditu.  

Teknikaria udaberrian herriko eragileekin elkartu zen eta bilera haietatik sortu zuten Uharte Arakilgo hirigintzari buruzko eztabaida-gidoia, baita prozesua dinamizatuko zuen talde eragilea, garagarzaroaren 26an osatu zena. Hura Lorea Irigoien, Mikel Razkin, Jose Mari Ustarroz, Miguel Angel Dominguez de Vidaurreta, Luis Beraza eta Ignazio Zubieta herritarrek eta Javier Rodriguez, Haitz Huarte eta Ainara Aiestaran udal ordezkariek osatzen dute, teknikariarekin batera.

Irailaren 24an eztabaida-gidoia aurkezteko batzarra egin zuten. Ondoren etorri dira herriak industria eta zerbitzuen arloan egitekoari buruz, Uharte Arakil bizitoki gisa izan daitekeenaz, herria handitzeari buruz eta herria hobetzearen inguruko lau batzarrak. Bestalde, Itxesia, Zerradoa eta Amurgin auzoei buruzko batzar ireki bana egitekoak dira. Itxesiari buruzkoa gaur izanen da, 20:00etan, udaletxean. Zerradoari buruzkoa, berriz, hilaren 18an, egun eta ordu berean.