Udalak “parekidetasunaren lanketan sakontzeko” konpromisoa hartu du

Guaixe 2015ko mar. 6a, 10:17

Uharte Arakilgo Udalak pasa den osteguneko bilkuran Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta adierazpen instituzionala onartu zuen. Udalak “emakume eta gizon askeen Euskal Herriaren alde lan egiten jarraitzeko” konpromisoa hartu zuen. Horretarako, Uharte Arakilen “ biolentziarik gabeko bizitza bizitzeko eremuak izateko bitartekoak” jarriko ditu. Aldi berean, udalak emakume elkarte eta mugimendu feministarekin elkarlana bultzatuko du. Azkenik, “emakumeek bizitzea merezi duten bizitza duinak izateko politikak” garatuko ditu. Aldi berean, udalak Martxoaren 8an Uharte Arakilen eta Sakanan mugimendu feministak deituriko mobilizazio eta jarduerekin bat egiten du.

Uharte Arakilgo Udalak onartutako adierazpenean merkatuek sortutako krisiak “urteetako borrokaren bitartez irabazitako eskubideak galtzeko arriskuan” jarri dituela salatu du. Ekonomiaren oinarrian emakumeek egindako etxeko lanak eta zaintzak daudela eta sistema kapitalistak haiek “ezkutuan utziz eta aitorpenik onartu gabe, gutxietsi” egiten dituela nabarmen du dute udalean.

Emakumeek lan merkatuan duten tokia “marjinala” dela eta esplotazio bikoitza pairatzen dutela adierazi dute Uharte Arakilgo Udalean. “Emakumeek bizitza duina izateko sistema kapitalista eta patriarkatua gainditu beharra inoiz baino ageriago dago”. Udaletik “patriarkatuaren zutabea den familia-eredu tradizionala, heteropatriarkala, indartzeko neurriez” gaztigatu dute, indarkeria matxista salatzearekin batera.

Egitaraua
Martxoak 7, larunbata
10:00etatik 14:00etara Autodefentsa feminista tailerra. Udaletxean.

Martxoak 8, igandea
18:00etan Emakumea. Film laburren bilduma. Udaletxean.