1936ko estatu kolpearen ondorioz, Oltzako Zendeako Ibero herriko Hiru Gurutzeen gainean gutxienez eraildako 43 pertsonen gorpuak lurperatuak daudela diote hainbat artikuluk, albistek eta lekukotzek. Oltzako alkate Pedro Mari Azparren Ocañak jakinarazi digunez, lurpean egon daitezkeenen artean Silverio Astiz Lakunza eta Silverio Astiz Ezkurdia aita-semeak eta Victor Martirena Alegria leudeke.
Azkenaldian hainbat elkarte memorialistak sustatzen ari diren ekimenak ikusirik, Oltzako Zendeako Udalaren aldetik egoki jo dute batzar ireki bat egitea. Azparrenen esanetan, “Egia, Justizia eta Erreparazioa lortzeko egon daitezkeen aukerak aztertuko ditugu”. Oltzako alkateak gaineratu duenez, “udalean uste dugu halako ekimen batek adostasuna behar duela senideen, inplikatutako administrazioen eta memoria historikoaren defentsan ari diren eragileen artean”. Senideei, udalei eta Nafarroan memoria historikoa lantzen ari diren elkarteei bidali diete gonbitea, baita interesa duten guztiei ere.