Larunbatean udaletxean aurkeztu zuen Uharte Arakilgo EH Bilduk bere hautagaitza. Jendaurreko ekitaldian egindako lanaren errepasoa eta aurrera begirako herri-programa aurkeztu zuten. Han ziren uhartearrek herriari eta programari buruzko galderak egin zituzten eta koalizioko hautagaiek erantzun zieten. Programa prestatzeko 6 batzar eta 40 uhartearren parte hartzea izan dutela jakinarazi dute EH Bildutik. Uharterako ekarpenak egiteaz aparte, koalizioaren Sakanako programarako ekarpenak ere egin zituzten.
EH Bilduk Uharterako aurkeztutako programa gai hauek ardazten dute: udalak parte hartzea bulkatzeaz aparte, garden eta herritarrengandik gertu kudeatzea; herriko ondare material, kultural eta naturala herriaren aktibo bilakatzea; garapen integral bat bultzatzea eta egoera ekonomiko kaxkarrari aurre egitea. Egitasmo zehatzen artean koalizioko kideek zerrendatu zituzten: baso plana; udal plana; Zerradoa, Itxesi eta herriaren arteko harresiak apurtzea eta auzolanean egindako kultur etxe baten aldeko apustua.
Larunbateko aurkezpenean koalizioko kideek adierazi zuenez, “hemen erabaki nahi dugu eta horretarako hautatuak diren zinegotzi guztiak Uharte Arakilen geratzea oso garrantzitsua izanen da. Udaletxean ez ditugu aulki hutsak behar, PPk utzi dituen moduan”.