Udal eta kontzeju hauteskundeak 2015

Aiestaran, alkate

Guaixe 2015ko mai. 28a, 21:16

Javier Rodriguez Astizen agintaldian alkate-orde izandako Ainara Aiestaran Ijurko izanen da Uharte Arakilgo alkate berria. Bozkatu duten hamar uhartearretatik seik egin zuten EH Bilduren hautagaitzaren alde. Koalizioak aurreko deialdian baino 18 boto gutxiago jaso ditu (11,74 puntu gutxiago); orduan soilik PPrekin lehiatzen zen. EH Bilduk 44 boto gehiago lortu izan balitu UPNri zinegotzi bat kenduko lioke. Uharten estreinakoz aurkeztu den UPNk popularrei zituzten bi zinegotziak kendu dizkie. PPk azken deialdian baino 8 boto gutxiagorekin lortu du udal ordezkaritza hori. Hauteskundeetara aurkeztu zen hirugarren taldeak, PPk, 72 boto eta 20,02 puntu galduta ez du zinegotzirik lortu. Eskuineko bi hautagaitzen botoen batuketak duela lau urte popularrek lortutakoak baino 27 boto gehiago ematen dute.

Aurreko deialdian bezala alde handiz nagusitu da Uharte Arakilen parlamenturako lehen zerrenda. Bilduk duela lau urte baino 15 boz gehiago eskuratu ditu EH Bilduk eta udalerako baino 98 gutxiago. Bozen ia bikoitza atera dio lehena izan den EH Bilduk Geroa Bairi. Bien botoen batuketak 13 bototan ontzen du 2011n Bilduk eta NaBaik lortutako emaitza.

UPN 3. postuan sendotu egin da zortzi boto eta 0,82 puntuko igoera izan ondoren. Erregionalistek udalerako baino 19 boz gutxiago jaso dituzte parlamenturako. PP, bestalde, 30 boto eta 7,67 puntu galdu ditu Uharten. Udalerako 20 boto gehiago eskuratu zituen igandean. Eskuineko bi alderdiek 22 boz gutxiago jaso dituzte Uharten. Podemos-Ahal Dugu izan da uhartearren laugarren indar aukeratua. Aldiz, PSNri fidel izaten jarraitzen dute 25 uhartearrek. Bi hauteskundeetan parte hartzea duela lau urtekoaren parekoa izan zen, %65.


Udalaren osaera
EH Bildu
1. Ainara Aiestaran Ijurko
2. Miren Rabaz Irañeta
3. Juana Maria Sainz Betelu
4. Mikel Razkin Barandarain
5. Javier Rodriguez Astiz

Union Pueblo Navarro
1. Jorge Martin Perez Vizcaino
2. Francisco Jose Fernandez Garcia