Mari Carmen Oteiza: "Hasieran 7 ginen Uharteko erraldoi eta buruhandien konpartsan eta egun 22"

Maider Betelu Ganboa 2015ko eka. 26a, 09:30

Mari Carmen Oteiza.
Uharte Arakilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak 15 urte.

1.Uharte Arakilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak 15 urte beteko ditu. Nola sortu zen?
2000 urtean kultura eta festen zinegotzia nintzen. Txikiak ginenean erraldoiak egoten zireneko oroitzapenak genituen, baina erraldoiak desagertu ziren. 40 urtez konpartsarik gabe egon ondoren, erraldoiak berreskuratzea bururatu zitzaigun. Etxeetatik begiratzen egon ginen, ea norbaitek argazkiren bat ote zuen. Bat lortu genuen eta argazki horri esker errege eta erreginaren erreplika egin genuen. Guk jarri genizkien izenak: erreginari Mikaela, San Migelengatik, eta erregeari Donato, San Donatogatik.

2.Zer gertatu zen antzinako erraldoiekin?
Etxarri Aranatzi utzi zizkieten festa batzuetarako eta kontatu zigutenez, ur erauntsi batek harrapatu zituen. Orduko erregeak harri-kartoizkoak ziren eta ezin izan ziren konpondu.

3.Nola izan ziren erraldoi eta buruhandien konpartsa sortzeko pausuak?
7 pertsonek sortu genuen konpartsa eta 7 horietatik 6 eramaileak ziren. Irurtzungo konpartsakoak izan ziren gure aita-ama pontekoak. Beraiekin ikasi genuen erraldoiak eramaten eta dantzatzen. Eta hasieratik Etxarri Aranazko gaitarien doinuetara dantzatu ditugu. Lehen irteera oso polita izan zen. Erregeak lehen aldiz Juan Carlos eta Antonio Astizek dantzatu zituzten eta ekitaldian Pedro Ansa eta Migel Zubieta omendu genituen, antzinako erraldoiak dantzatu zituztelako. Dantza taldearekin batera aritu ginen eta emozioz betetako ekitaldia izan zen.

4.Laster familia handitu zenuten…
Bai, 2002an 3 erraldoi gehiago genituen. Errege bikoteari Felipe Gorriti konpositore uhartearraren erreplika; 1750. urtean Uharten bizi izan zen Jauregiko Martija sendatzaileren erreplika; eta, erregina txikia, Txiki, gehitu genizkien. Beira-zuntzekoak dira.

5.Horietaz gain Uharte Arakilen erraldoi txiki asko daude ezta?
Bai, harrobi polita dugu. Lau herritarrek euren erraldoi txiki propioa dute eta festetan gure konpartsarekin ateratzen dituzte.

6.Erraldoien ondoan buruhandiak. Zenbat dituzue?
Sei: indiarra, drakula, sorgina, deabrua, beltzarana eta panplonika. Konpartsarekin hasi ginenean bi zeuden, sorgina eta deabrua. Beltzarana eta panplonika aurretik egon ziren buruhandien erreplikak dira, beira-zuntzekoak. Gainontzekoak harri-kartoizkoak dira. Oso pozik gaude 14 eta 19 urte arteko herriko neska-mutilekin, buruhandiak ateratzeko festetan egunero ez baitute huts egiten. Harrobi ederra dugu.

7.Zenbat kide zaudete konpartsan?
Hasieran 7 ginen eta egun 22. Gazteenak 20 urte ditu eta helduenak 59. Hasi ginen guztiok jarraitzen dugu. Gazteei buruhandiekin hastea animatzen diegu, gero erraldoiak eramatera pasatzeko. Horrela egin dute egun erraldoiak dantzatzen dituzten hiru gaztek. Harrobi polita dugu baina ateak zabalik ditugu, nahi duen oro ongi-etorria izango da.

8.Noiz hasten zarete denboraldia prestatzen?
Martxotik aurrera hasten gara erraldoiei mantenu lanak egiten eta entseatzen. Aurreko urtean eskulan tailerrekoek erretokatu zituzten eta primeran daude. Ostiraletan entseatzen dugu.

9.Uharteko festak alaitzeaz gain beste herrietara irteerak egiten dituzue?
Bai, baina lehen gehiago. Murrizketek guri ere eragin digute. Lehen jasotzen genuen diru-laguntzarekin irteera gehiago egin ahal genituen, baina orain diru-laguntza estuagoa da, 2.000 euro urteko. Eta gastuak handiak: erraldoiak emateko kamioia, gasolina, gaiteroei ordaintzea, irteerak… Hala ere, urtero Etxarri Aranazko festetara eta uztailaren 25ean Itsasperrira joaten gara, Arakilgo bailararen egunera. Eta bi urtetik behin Funes eta Uharte Iruñera.

10.Aurten 15 urte beteko dituzue eta San Juango festetako suziria bota duzue.
Bai, eta eskertuta gaude. 15 urte hauetan bildutako argazki, oroigarri, zapi eta materialarekin erakusketa egin dugu. Egunero ateratzen gara festetan. 3 konpartsa gonbidatu ditugu, Funesekoa, Irurtzungoa eta Aurizperrikoa eta kontzentrazioa egingo dugu, bihar, larunbatean, 12:00etan. 15 erraldoi ariko dira dantzan Uharten. Omenaldia jasoko dugu eta herri bazkarian ospatuko ditugu 15 urte hauek bete izana.

11. 15 urtetan pasadizo ugari izango dituzue.
Bai, asko. Bat aipatzearren, 2010eko maiatzaren 13an sekulako ur erauntsia gertatu zen. Eskolako eta frontoiko baxuak uholdeak harrapatu zituen. Erraldoiak mojen eraikina zenera eramanak genituen, irteera bat genuelako, eta horregatik salbatu ziren. Aldiz, buruhandiak kaltetu ziren eta berriak egin behar izan genituen. Hori bai, ordutik, erraldoiak eta buruhandiak mojen eraikina zenean gordetzen ditugu, badaezpada ere.