Artzain Egunak 48 urte

Guaixe 2015ko abu. 30a, 10:08

Agorrilaren 30ean, goizeko 10:00etatik aurrera, egun osoko jaia Uharte Arakilen

 

Aurten 48 urte beteko ditu Uharte Arakilgo Artzain Egunak. Aralar Mendi elkarteak urte horiek guztiak daramatza artzainen festa bilakatu den jai herrikoi eta polita antolatzen, eta urtero jendetza biltzen da Uharteko kale eta txoko ederretan.

 

Zerbaitek ongi funtzionatzen badu, zertarako aldatu? Hori uste dute Uharte Arakilen. Horrela, urtero errepikatzen diren ekitaldiek ez dute huts eginen: gazta txapelketa entzutetsua, zenbaki potoloak mugitzen dituen enkante ikusgarriarekin, ardi mozte txapelketa ikusgarria, ardi latxa esne-ekoizpen lehiaketa, ardiki gisatuaren lehiaketa eta nola ez, artzain txakurren lehiaketa. Horrekin batera mota guztietako jaki eta gutiziak eskaintzen dituzten hamaika postu, musika lagun primerako giroan mokadutxo goxoak hartzeko txosnak eta tabernak, artisau postuetan galtzeko aukera, gazta bikainak erosteko parada, azken teknologiako lanabes eta makineriak gertutik ikusteko modua, aspaldiko ezagunekin elkartzeko aukera eta animatzen denarendako herri bazkari paregabea. Eta arratsaldean txakurrek artzainen aginduei nola egiten dieten kasu jarraitzeko aukera.

 

 

Aralar Mendi elkarteak garai bateko artzaintzaren bizimodua gogora ekarri nahi du festarekin, eta, aldi berean, egungo artzainak omendu nahi ditu festa giroan. Ogibide zahar honek sortzen dituen produktuei bultzada eman nahi zaie, eta horretarako, artzainen bizitza eta baliabideak ardatz hartuta prestatzen da egitaraua. Artaldeak Aralar menditik Beriainera nola pasatzen ziren gogoratzeko, 11:30ean artalde batek Uharte Arakilgo herri gunea zeharkatuko du, Ordiziako azokan egiten den antzera.

 

 

 

48. Artzain Eguna. Egitaraua

 

Artzainen omenaldi festa

 

10:00etan Epaimahaiaren hautaketa. Aurreskua.

 

10:30etik 14:30era Nafarroako ardi latxa esne gordinaz egindako gaztaren XXXIV. Txapelketa. Saritutako gazten enkantea, dastatzea eta gaztaren feria.

 

10:30etik 13:30era Nafarroako XXXII. ardi latxaren erakusketa eta esne-ekoizpen lehiaketa. Latxa arrazako ardi aukeratuen XII. lehiaketa nazionala (hau da bertako ardi latxaren txapelketarik garrantzitsuena).

 

11:30ean Aralar-Andiara aldaketa egiten, herrian barna artaldea pasako da. Goizean Artzain bat betidaniko erara gazta egiten ikusi ahal izango dugu Donibane plazan.

 

11:00etatik 13:00etara Nafarroako XXVIII. ardi mozte mekanikoaren txapelketa, Espainiako txapelketarako sailkagarria.

 

11:00etatik 12:00etara Euskal artzain txakurren, Pirinioetako artzain txakurren eta galzorian dauden arrazen XXIII. erakusketa.

 

12:00etan Agur Jaunak. Artzain egunarekin parte hartu duten eta bertako kulturaren alde lan egin duten pertsona, entitate eta taldeei omenaldia.

 

12:15ean XXI. ardiki gisatuaren txapelketa eta dastatzea.

 

12:45ean Nafarroako ardoen XXI. dastatzea.

 

13:30ean Goizeko lehiaketa guztietako sariak eta txapelak banatuko dira. Ondoren, gazta erdi irabazlearen enkantea plazan.

 

14:30ean Uharte Arakilgo frontoi estalian herri bazkaria: Nafarroako axuriarekin prestatutako menua (txartelak argibide mahaian salduko dira goiz guztian barna).

 

17:00etan Nafarroako bertako 48. Artzain Txakurren Lehiaketa Ofiziala Geinberako barrutian (Euskal Herriko eta Oñatiko Nazioarteko txapelketetarako sailkagarria). Partaide eta antolatzaile zaharrei omenaldia.

 

*Goiz guztian zehar: gazten eta eskuz eginiko beste produktuen erakusketa; eskulanen erakusketa: kaikuak, egurrezko uztaiak, apaingarriak, zeramika, egurra, ardazlariak, taloak, jakiak… Euskal dantza, musika taldeak eta joaldunak.

 

 

 

www.artzaieguna.com

 

Artzai eguneko informazio guztia.