Hori adieraziko duten seinaleak dagoeneko enkargatuak ditu Uharte Arakilgo Udalak. Ainara Aiestaran alkateak jakinarazi digunez, arkitektoak zubiaren egoeraren inguruko txostenaren zain daude, Nafarroako Gobernuaren ondarearen arduradunen eta Ebroko Ur Konfederazioaren ateetan jotzeko. Begi bistakoa da ibilgailu handi batek zubiaren ezkerreko petrilean egindako zartatua edo ibaiaz bestaldeko oinarria babesteko uretan dagoen harrizko egituran dagoen zuloa.
Garbiketak agerian utzitako matxurak
Agorrilaren 25ean despeditu zuten Arakil gaineko zubia garbitzeko lanak. Boluntario talde baten ekimena izan zen hura garbitzea. Udalari jakinarazi zioten eta hark zegozkion baimenak eskatzearekin batera bandoa zabaldu zuen, uhartearrak herriko ondarearen garbiketan parte hartzeko animatzen.
Bost boluntario aritu ziren. Lan zehatz batzuk udaleko bi langilek egin zituzten. Lau egun eman zituzten zubian eta haren inguruan zeuden sasiak eta zuhaixkak kentzen eta pilatutako lurra baztertzen. Guztia zubia ikusgarriago egiteko.
700 urte
XIV. mendeko zubia da Uharte ipar mendebaldean dagoena. 30 bat metro luze eta 4 metro zabal ditu. Uhartearrek kontatu digutenez duela 100 urte zubiaren eskuin aldea erori zen eta zati hura porlanez berregin zuten. 40 urte dira izkina batean zuloa egin eta porlanez konpondu zela. Azken lan handia duela 34 urtekoa da: zubia zartatu egin zen eta zabaleran, ezker-eskuin, burdinazko barrak karri eta zoruan porlana zabaldu zuten.
Harresiz inguratuta zegoen erdi Aroko Uharte Arakilera sartzeko bi zubietako bat zen. Ibaiaz beste aldean garita moduko bat izanen luke zubiak eta babeserako beste horma bat herri aldean. Beste zubia Itturpebide kalean dago, lurpean.