Beriain, bertikala

Guaixe 2015ko ira. 19a, 11:48

205 korrikalari ariko dira, igandean, Uharte Arakil-Beriain VII. Km Bertikalean

Aralar Mendi elkarteko mendi klubak hainbat babeslerekin batera antolatuta, igandean, irailaren 20an, Uharte Arakil-Beriain VII. Km Bertikala jokatuko da. Goizeko 10:00etan abiatuko da proba Uharte Arakilgo frontoitik. Dortsalen banaketa eta helmugara igotzeko arroparen bilketa, berriz, herriko plazan egingo da, goizeko 8:00etatik 9:30era. Uharte Arakilgo proba Nafarroako Mendi Lasterketen Koparako eta Euskal Herriko Bertikalen Koparako puntuagarria da.

Proban 205 korrikalari daude izena emanda. Parte-hartzaileak banaka-banaka aterako dira, proba kronometratua izango baita. Uharte Arakildik (471 m) aterata Beriaingo San Donato ermita izango dute helburu parte hartzaileek (1494 m). Proba motza da, baina intentsitate handikoa: 5 km-ko lasterketa, baina 1.023 metroko desnibelarekin eta sekulako etapa eta maldekin.

Gainontzeko korrikalarien denboraren erreferentziarik ez dutenez, lasterkariek erlojuaren kontra eta euren buruaren kontra egin behar izaten dute lana. Joan den urtean, 199 korrikalari aritu ziren, tartean 38 sakandar. Sekulako maila egon zen. Proban lehenengo aldiz estreinatu zen Aitor Osak 2013an Ionut Zincak ezarritako errekorra (42:42) bi minutu pasa hobetu zuen, erlojua 40:21ean geratuz. Harrigarria. Emakumezkoetan Uztarrotzeko Laura Sola izan zen azkarrena (51:17). Sakandarren artean Aritz Munarriz izan zen azkarrena, helmugan bosgarrena sailkatu eta gero (46:00).

Ikusle asko
Edozein toki da aproposa proba jarraitzeko, baina azken zatia da gogorrena eta ikusgarriena. Urtero geroz eta ikusle gehiago biltzen dira Beriainen proba jarraitzera eta primerako giroa izaten da.

Errekorra: Aitor Osa (40:21) eta Leire Agirrezabala (49:47)
Emakumeendako eta gizonezkoendako sariei dagokienez, txapeldunek garaikurrak, txapela eta 300€ jasoko dituzte, bigarrenek garaikurra eta 150€ eta hirugarrenek garaikurra eta 100€. Beteranoendako eta 21 urtez azpikoendako txapeldunendako garaikurra izanen da.
Bestalde, errekorra apurtuz gero, 300 euroko saria dago jokoan. Errekorra aurreko urtean apurtu zuen Aitor Osak (40:21). Aldiz, emakumezkoen errekorra 2013an ezarri zuen Leire Agirrezabalak (49:47).

www.uhartearakil-beriain.com
Probako informazio guztia, ibilbideen track-a eta beste.

Olatzagutia-Urbasan eta Etxarri Aranazko mendi igoeran izena ematea zabalik
Irailaren 26an jokatuko da IX. Olatzagutia-Urbasa mendi lasterketa, 10:00etan (23,2 km, 1.367 m desnibel positiboa). Izena ematea zabalik dago irailaren 23ra arte, www.olatzagutia-urbasa.net web gunean. Bestalde, lastailaren 4an jokatuko da 40. Etxarri Aranazko Mendira Joan Etorria, 11:00etan (10 km, 557 m desnibel positiboa). Izena ematea zabalik dago www.mendizmendi.com web gunean.