Zamartzeko arkeologia indusketa

Arkeologia arrakasta Zamartzen

Guaixe 2015ko aza. 6a, 08:21

Arkeologoek Zamartze oraingoz utzi eginen dute.

Zamartzeko santutegian sei urtetan egindako indusketek I. eta IV. urteen arteko mansio erromatarra, Bordele-Astorga galtza da izan litekeena eta Erdi Aroko hilerria agerian utzi dute.

Adituko arkeologoek ez dute heldu den urtean Zamartzen segituko. Baina Sakanan lanean segituko dute: Aracaelik izan duen presentzia ulertu; eragin zuen kontrola; bertakoekin izan zuen erlazioa eta, adibidez, San Migel moduko elementuak kristautasunaren aurretik sakratutzat jotzen zirenen jarraipena ote diren aztertuko dute

Udaberrian etorri eta udazkenean joan. Halaxe ibili dira 2010az geroztik arkeologoak Zamartzen. Uda partean inurri lana egiten, neguan laborategian ikertzeko nahikoa material, “artefaktu”, izateko. Fran Valle de Tarazaga Monterok (indusketa eta ikerketa arduraduna) eta Emma Bonthornek (osteoarkeologoa, hezurduren arduraduna) gidatu dute lana eta lehenak “arrakastatsua” izan dela azaldu digu.

Bost arrazoik ekarri zituzten Uharte Arakilera. Bide erromatar bat zegoen eta nondik pasa zitekeen eta bere inguruan zein eragin izan zezakeen aztertu nahi zuten. Gainera, 80ko hamarkadaz geroztik arkeologia aurkikuntzak eginak ziren. Hori gutxi balitz, mende hasieran Zamartze berritzean egindako urgentziazko indusketan hobiratzeak eta erromatar egiturak opatu zituzten. Zamartze ibarreko egitura zaharrena eta berez ikertzeak merezi du. Sakanan bertako arkeologiarekiko eta historiarekiko dagoen interesa izan zen Uhartera etortzeko azken arrazoia.

Helburu argiak ekarri zituzten. Lehenik, arkeologoek Erdi Aroaren ezagutzan sakondu nahi zuten, X. eta XIII. mendeen artekoa “garai iluna” baita. Aldi berean, garai hartako populazioaren profil zein izan zitekeen lortu nahi zuten. Hau da, zertan aritzen zen, nolakoak ziren, zertaz hil zen, zein adinarekin, gaitzak, heriotza bortitzik izan ote zen… Gainera, landa eremuko erromatar administrazioa nolakoa zen ezagutu nahi zuten (eraginkorra zen, oso edo gutxi erromatartuta zegoen…). Baita baskoien eta erromatarren arteko erlazioa nolakoa izan zen argitu nahi zuten ere. Integrazioa indarrez egin zen? Banatuta mantendu ziren? Zer gertatu zen? Azkenik, erromatarren garaitik Erdi Arorako trantsizioa nola izan zen jakin nahia izan zuten etorri zirenean.

Ondorioak
Valle de Tarazagak esan digunez, “erromatar garaiaren historia-segida oso garbi azaltzen da. Gainera, gertuen dauden aztarnategien antzekoa da (Araba, Pirinioak eta Mendigorria)”.  Aldi berean, “oinarri indigena opatu dugu. Erromatarren luxuzko, administrazioko edo kultura handikoen artikuluekin batera egunerokoan erabiltzen edo ohikoak ziren zeramikak, errotarriak eta beste opatu ditugu. Haietako batzuk populazio baskoiarekin lukete zerikusia”.

Erdi Aroari dagokionez, “ikerketak aro horren hasiera pixka bat argitu du. Erromatartasunarekin erabat hautsi zen eta Pirinioez bestaldeko errealitateekin penintsulakoekin baino lotura estuagoa ezarri zen. Erdi Aroaren bukaerara arte Nafarroak izan zuen historiarekin bat datorrela dirudi”.

Absidearen ondoan 10 hilobi berreraikita ikus daitezke. Eremu horretan 80 m2-tan lan egin dute arkeologoek eta lurreko hainbat mailetatik 300 hezurdura jaso dituzte. Haietako asko sakabanatuak zeuden hilobiak berrerabiltzeko hustu zirelako. Halakoak 100 ziren. “horrek erakusten du Zamartzeko hilerriak erabilera exajeratua eta intentsua zuela. Herritarrendako zuen garrantzia eta santutegiarena berarena adierazten du”. Haien ikerketak ematen dituen ondorioak Nafarroako populazioarekin alderatuko dituzte.



Ikerketa
Adituko arkeologoek hezurdurak laborategian ikertuko dituzte. Langintza horretan beste herrialde batzuetako unibertsitate eta laborategietako adituen laguntza izanen dute, bereziki Erresuma Batukoak, langintza horretarako tresneria garestia baita. Hezurdura bakoitzari azterketa antropometriko zorrotza eginen diote. Hortik datu orokorrak aterako dituzte: altuera, hil zenean zuen adina, emakumea edo gizona den…

Horretaz aparte, populazioan patologiek zuten eragina aztertuko da, esaterako, artritisa, anemia, izurriteak eta besteek eragin zieten ikertuko dute. Dagoeneko badakite, uhartearrek Ingalaterrakoek baino artritis gutxiago zutela. Laborategian begiratuko dituzten beste gauzetako batzuk dira: hezur hautsiak dauden, medikuntza tratamendurik jaso ote zuten, edo populazioaren jardueren, ogibideen eta bizi-baldintzen inguruko arrastoak bilatuko dituzte.

Aldi berean, azterketa kimikoak eginen dituzte. Bereziki isotopo egonkorrekin, eta horrela pertsona zein eskualdeetakoa zen eta bere dietaren oinarria haragia, begetalak, arraina edo beste ziren jakinen dute. Kasu batzuetan kronologia zehazteko karbono 14aren proba eginen diete hezurdura batzuei. Eta kasuren batean DNA ikerketa eginen dute, hezurdura jakin batzuen inguruan gehiago jakiteko. Laborategian ikertzen zenbat denbora ematen duten zehazterik ez dago.

Indusketa gunea
Bi edo hiru hektareako eremua hartzen du Zamartzeko indusketa guneak. Valle de Tarazagaren ustez, “Aracaeli mansioa izateko nahikoa handia zen. Vicus batean bilakatuko zen ziurrenik, pertsonen pilatze bat. Ez litzateke hiri bat izanen. Erromatar hiri baten hirigintza estandarrak ez ditu”. Ezin dute guztia induskatu. Sei urte hauetan arkeologoek bereziki elizaren mendebaldean eta baratzeko eremu batean egin dituzte indusketa kanpaina handienak. Baina laginak ere egin dituzte inguruko beste eremu batzuetan.

Eliza
Eraikinaren ekialdean Erdi Aroko hilerria dago. Han opatu dituzten hobietako 10 berreraiki dituzte. Ipar ekialdean ere induskatu dute eta han erromatar garaiko zoruak opatu dituzte.

Etxea
Espiritualtasun etxea dena berritu zutenean Olcairum-ek azpian egon zitekeena ikertu zuen 2002an eta erromatar erako gelak opatu zituzten.

Baratza
Erromatar egiturak agertu dira.

Mendebaldeko larrea
Egon zitekeena ikertzeko laginak egin zituzten eta galtzada izan zitekeena opatu zuten. 6 metro zabal ditu eta legarrez egina dago. Horrekin batera, erromatar garaiko harlanduzko egitura bat.

Ibai ertza
Ibaiak iparraldeko lur ertza jan izan du eta harantz mugitu da. Ikusten diren erromatar garaiko egitura batzuei eragin die. Harri lubeta bat egitean, 1981ean, Rafael Carasatorrek erromatar aztarnen berri eman zuen.

Txipudia
Forma erregularreko egiturak atzematen dira.




Zer opatu dute
Zoru mota asko eta pareta gutxi. “Nahikoa interesgarria da. Ezer baino hobe. Baina, aldi berean, nork bere onetik ateratzen du. Paretekin espazioei zentzua ematen diegu, zertarako erabiltzen ziren, kanpoan edo barruan gauden dakigu”.  Bi suntsiketa handirekin, eraldaketa handiekin eta erromatarren ondoren Zamartzek segitu zuenez harriak berrerabiltzea normala da.

Txanpon ugari opatu dituzte arkeologoek sei urtetan eta horrekin harrituta daude, “indusketa eremu nahiko txikia izan baita”. 100-150 txanpon berreskuratu dituzte, kalitate onekoak. Haietako asko lur maila oso jakinetan, esaterako, aipatutako suntsiketei lotutakoak. III. mendeko suntsiketa garaiko txanpon erreak aurkitu dituzte. Galieno (253-268) eta Claudio Gotico (268-270) enperadoreenak dira. Biek ere Inperio Galikoko gatazkarekin zerikusia izan zuten. Biek ere txanpon ugari jaurti zuten eta haienak opatzea erraza da, gehiegi baitaude.

IV. mendekoa izan daiteke aldameneko soroan opatu duten bidea, Bordele eta Astorga lotzen zituen galtzada izan litekeena. Baina inguruan gehiago lan egin beharra dute. 2013an eta 2014an egin zituzten indusketak soroan eta kalitate oneko harlanduz egindako erromatar eraikin baten arrastoak opatu zituzten. Erromatar garai guztietako beira, txanponak eta bestelakoak azaleratu dituzte.

Erromatarren garaiaren ondoren “erromartasuna” galdu egiten da. Eraikuntza ongi eginik ez dago. Silo batzuk opatu dituzte eta pilatzeen modukoak diren hormak ere.

Baratzean, erromatarren arrastoak opatu dituzten tokian, Erdi Aroan jarduera egon izanaren arrastoak opatu dituzte. Elizari laguntza ematen zioten eraikinak lirateke, eliza bera baino handiagoak haietako batzuk, nahiz eta arrasto handirik ez utzi. “Esaterako, Zamartzeri ordaindu beharreko zergetako bat behi bat zen. Hura non gorde izan beharko zuten”. Jakina da, esaterako, 1546an Zamartzeko txantre Martin Cruzaten morroiek azienda buruak eta ahuntzak bereganatu zituztela, uhartearrak Santa Luzia bezperan zeudela baliatuz.



Historia zertzeladak
I. mendea    Erromatarrek euren erako gizarte bat sortzen saiatuko dira. Horretarako, bide sistema, hiriak sortu, baliabideak izateko landa eremua egituratzen dute. Litekeena da legioetako beteranoak kokatzea. 20 urteko zerbitzu militarreko konpromisoa bete eta lizentziatu ondoren lur eremua ematen zieten. Aracaeliren kasua hori izatea posible da.

Jatorri baskoieko zeramika arrastoak agertzeak bien arteko trukearen ondorio izan daitezke. Julio Claudio enperadorearen sestertzioak (41-54 urteak) eta kuadriga bat duen txanpona (I.-II. mendea) opatu dira. Brontze eta burdinazko giltza, brontzezko ezarkin eta kakoa.

280 urte aldera Aracaelin suntsiketa baten arrastoak opatu dituzte. Suntsiketa horrek zerikusia izan dezake Inperio Galikoarekin, erromatar inperiotik banatu zen zati bat. “Litekeena da Sakana bi inperioen arteko muga izatea. Suntsiketaren garaian ez dugu kanpoko elementurik opatu, denak erromatarrak dira, gatazka zibil bat izanen litzateke”. Salonina (253-268), Claudio Gotikoa (268-270) eta Constantino (306-337) txanponak, kristalezko kopak eta hezurrezko jostorratzak opatu dira besteak beste.

332 urte aldera Asentamendua berreraiki egin zen eta data horren inguruan bigarren
suntsiketa bat izan zen.

Suntsiketaren ondorioz adobe ugari eta egur egitura erreak agertu dira Zamartzeko baratzean. Erromatarren ohiko eraikuntza eredua erabiltzen zuten oraindik ere. Pegaso, kapitoliko otso emea eta soldaduak ageri diren IV. mendeko txanponak agertu dira.

IV-V mendeak Ez dakite asentamendua erabat husten den. Erabat erromatar izateari
uzten dio. Okupazio garai horretako egiturek aurreko mailetakoen erreferentzia galdu dute, ez daude ekialde-mendebalde orientazioan. Kalitate eskasagoko materialeko eraikuntzak opatu dituzte.

VI-VII mendeak Merobingioen arrastoak agertu dira. “hemendik zebiltzala badakigu,
baina ez dakigu kanpatuta egon ziren edo jarraian”. Arabiarren kontra borrokatzeko Iruñeraino sartu zirela dioten iturriak daude. “Halakorik egin bazuten ibarra ixtea, atzeko guardia jartzea logikoa litzateke”. Agian Bordeletik ekarria Urrezko Tremis Merobingiar txanpona (VI.-VII. mendea) aurkitu dute aztarnategian.

988-997 Siseguto apezpikuaren garaian Zamartzeko elizaren aipamena jasoa dago.

1007-1033 Antxo III.aren garaian litekeena da eliza berreraikia izatea. Arkeologoek aurreko elizaren egitura opatu dute. Eliza gotzainari bueltatu zion erregeak 1027-103 urteen artean.

1040 Eliza berria eraiki zen, egungoa. Santutegiaren loraldia XII. eta XIII. mendeak izan ziren. Baina gerora Aralarko santutegiak hartu zuen garrantzia.

XIII-XIV Zamartzek eusten dio. Inguruko lau herrik zergak ordaintzen zizkioten: Muztillano, Mutiloa, Amurgin eta Uharte Arakil. Lau herriek Zamartzen hildakoak lurperatzeko eskubidea zuten. Lehen hiru herriak desagertzean eta Uharte bastida bihurtzean litekeena da Zamartzen lur emateko ohitura galtzea. Izurrite edo kolera garaitan erabiliko litzateke soilik gerora. Aralarko santutegia hornitzeko egitura batean bihurtuko da Zamartze.
    
Zilarrezko nafar txanponak (XII.XIV. mendeak), Donejakue bideko erromesen maskorrak eta bordoiak, zaldi ezproiak. Geroko txanponak: kornadoa (XVIII. mendea), marabediak (XVII.-XIX. mendea) eta Alfonso XII.aren txanpona (XX. mendea).


2002 Eliza eta aldameneko etxea erabat zaharberritzen da.



Museoa
Aurkitutako objektuak tokian bertan erakusteko asmoa dago. Museo txiki bat zabalduko da. Sakanako aurreneko museoa izanen dena Zamartzeko espiritualtasun etxeko zenbait gelatan egokituko litzateke. Dagoeneko erakusketa txiki bat prest dago, aldi baterako dena. Opatutako guztia ikertu eta beharrezko ondorioak atera ondoren eginen dute behin betiko museoa.

Museo txiki bat egin nahi dute. Indusketan opatutakoa bertan erakustea nahi baitute.  Txanponen bidez Zamartzeren bilakaeraren kronologia egin nahiko lukete.

Museoan erromatar garaian zer nolako tokia zen Zamartze azaldu nahi dute. Mansio baten irudiak jarriko dituzte, “etortzen dena irudikatu dezala tokiaren balioa zein zen”. Galtzadan barna bidaia egiten zutenendako egungo autopisten bazterrean dauden zerbitzuguneen parekoa litzateke erromatar mansioa. Bidaiariek, inperioaren misio ofizialetan zeudenak batez ere, masioetan dohainik hartu zezaketen atsedena edo zaldiz aldatu eta bidaian segitu zezaketen. Uharteko Aracaeli mansioaren modukoek erromatar estatuaren administrazio gune gisa bezala erabil zitekeen. Lurraldea kudeatzeko ezinbesteko tokiak ziren.

Opatutakoaren berri emateko argitalpenak eginen ditu Adituko lantaldeak. Eta horren inguruan eztabaida eragin nahi dute.



Ane, duela 1700 urteko uhartearra
Aldameneko soroan agertutako harlanduzko eraikin hura suntsitu zuten eta haren gainean berreraiki zuten. Zoru horretan, beheko paretaren angelu batean, lur emate bat agertu zen. Erromatarren garaiko haur baten hilobia da. 38 eta 40 arte zituela hil zen umearen hezurdura da opatu dutena. “Behar baino lehenago jaioko zen. Edo hilda. Ez dakigu”. 280 eta 330 urteen artean hil zela zehaztu dute arkeologoek.
 “Ez dakigu neskatoa edo mutikoa den, baina han industen aritu zen azken pertsonaren izena eman diogu, Ane”.

Pasa den astean egindako aurkikuntza horren garrantzi handia nabarmendu du Valle de Tarazagak: “opatu ditugun 300 bat banakoetatik erromatar garaiko hezurdura bakarra umearena da. Gainontzekoak X-XIV mende artekoak direla ziur gaude”.

Eraikin baten barruan hilobi bat opatzea normala da? Bertakoen artean, Burdin Aroan eta erromatarrak iristeraino, umeak etxe azpian lurperatzeko ohitura zegoen. Baina erromatarrek ere ohitura hori zuten, baldin eta umeak 40 egun baino gutxiago bazituzten. Erromatarrek gauez lur ematen zieten erritual jakin batekin. Oraindik ez dakite pertsona hori zer zen. Baina mota guztietako probak eta analisiak egin nahi dizkiote hezurdurari, “gure ikerketarako nahikoa garrantzitsua delako”. Hezurdura “oso kaltetuta” dago, “umeen hezurrak oso hauskorrak direlako eta ia 2000 urte pasa direlako”.


Eremua babestu
Arkeologia-aztarnategiek, berez, babestuta daude. Baina Zamartzeren garrantzia eta aberastasuna kontuan izanik, Adituko arkeologoek, Iruñeko elizbarrutiaren eta Uharte Arakilgo Udalaren laguntzarekin, aztarnategia Kultur Intereseko Ondare izenda dezala eskatu diote Nafarroako Gobernuari. “Izendapen horrek babes maila handiena emanen lioke aztarnategiari”.


Busti
Zamartzen agerian uzten ari direna Sakanaren arkeologia-ondarea eta historia da. Aztarnategiarekin parte hartu nahi duenak modu askotara egin dezake: ikerketa eta indusketa lanetan lagunduz; indusketa bisitatuz edo hitzalditara joanez interesa piztuta mantenduz edo ikerketarako baliabide ekonomikoak edo materialak emanez, ez baitute inolako laguntza ekonomikorik.