Bost poeten txanda

Guaixe 2015ko aza. 13a, 11:13

Larunbatean, 17:30ean Uharte Arakilgo Donibane jubilatu elkartean.

Poesiarekin hitzordua errepikatuko da Uharte Arakilen, bihar. Hamargarren aldiz Donibane jubilatu elkarteak kultur ekitaldia hartuko du. Hamarkada osatuko duen errezitaldian lau poeta izanen dira: Mercedes Viñuela, Tomas Yerro Villanueva, Antonio Lopez, Alfonso Muro eta Blanca Arrizabalaga.

Bi uhartear
Poesia errezitaldian urtero huts egin ez duena Blanca Arrizabalaga izan da. Uhartearrak gogoratu duenez, 2006an Viñuelaren liburuaren aurkezpenarekin hasi zen poesia jubilatu elkartean tokia egiten. “Herri txikia izateko 30-40 pertsona elkartzea, asko da. Jendea gustura egoten da eta merezi du”, esan digu Arrizabalagak. Bera “eroso” sentitzen da errezitaldietan: “jendearen kariñoa sentitzen dut, gertutasuna; gustura daude eta txalotu egiten dute”.

Uhartearrak duela dozena bat urte Un espejo de mis sentimientos liburua argitaratu zuen. Aurreko edizioetan bezala, aurten ere liburuko olerkiekin batera berriren bat partekatuko du. Erlijioa, ama, amodioa, krisia eta zuhaitzak izanen dira bere olerkietan jorratutako gaiak.

Alfonso Murok txikitatik izan du literaturarako joera. Iruñeko Gazteriaren Etxeko literatura eta poesia tailerrean trebatu zen. Boladaka sortzen duela aitortu digu, “ez dut iraunkortasunik eta ez dut horretan lanik egiten, etortzen bada…”. Murok ateratzeko bitarteko gisa du poesia: “egunerokoan, liburutegian ikasten, txakurrarekin paseatzen, eskaleak ikustean, ehiztariak ehizara ateratzean, paisaiak… emozio uneak transmititzen ditut; asmo handirik gabe”. Horretarako, bertso librea, metrikarik gabekoa bilatzen du. Bere sormen lana beretako du. Ez du inon publikatu, “eta Blancak konbentzitu ninduelako errezitatzen dut Uharten”.

Hiru gehiago
Uharteko literatur hitzorduko finkoetako bat Mercedes Viñuela Sanchez da. Olekari iruindarrak bere bigarren poesia liburua aurkeztuko du Uharten: Versos de mi otoño (Asociain EOS Barbarin, 2015). 25 poesien bilduma horretan Viñuelak maitasuna, bakardadea, esperantza, denboraren joana eta heriotza gaiak lantzen ditu. Viñuela berandu hasi zen idazten. Aurretik Mi vida como un rio (Auto-ekoizpena, 2006) liburua argitaratua du. 2002 urtetik iruindarra Nafarroako Ateneoko Angel Urrutia eta Lizarraldeko Poetak taldeetako kide da. Uharten behin huts egin du, gaixotasunagatik.

Haren aldamenean Tomas Yerro Villanueva poeta izanen da, bigarrenez. Katedradun jubilatua, literatura analisiari buruzko hainbat liburu idatzi ditu, baita kolaborazioak hainbat aldizkaritan eta argitalpenetan argitaratu ere. Itaca eta Rio Arga aldizkarien zuzendari izan zen. Tarte batez Altsasuko institutuan irakasle aritua, Yerro Nafarroako Gobernuko kultura arduradunetako bat izan 1991 eta 1999 urteen artean.

Haiekin batera Antonio Lopez olerkari zumarragarra ariko da. Olerkarien doinuak Raul Lopezen gitarra-jole iruindarraren doinuekin lagunduak izanen dira. Bere aita errezitaldiko poetetako bat ere bada.