Uhartearrak Iberoko hobian

Hiru uhartearren bila Iberon

Guaixe 2015ko abe. 20a, 10:11

Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak Iberon bihartik etzidamura arte lanean izanen dira.

Aranzadi Zientzia Elkartea 1936an fusilatutako 25 gorpu topatzen saiatzen ari da Iberoko Zurbau parajean. Abenduko lehen asteburuan han izan ziren ikerlariak indusketa egiten eta hari segida heldu den astean emanen diote, astelehenetik asteazkenera. Paraje hartan hil zituztenen artean hiru uhartear leudeke: Silverio Astiz Lakuntza eta Silverio Astiz Ezkurdia aita-semeak eta Victor Martirena Alegria.

Oltza Zendeako Moises Garjon alkateak azaldu digunez, 1978an dermio hartan egindako indusketan Larragako herritarrek 21 pertsonen buru-hezurrak atera zituzten, hezurrak han utziz. Garjonek zehaztu digunez, “aurreneko asteburuan lau edo bost hezurdura oso eta biren zatiak atera zituzten. Beste 20 bat gorpu gehiago ateratzea espero da”.

Gorpuak hobitik ateratzeko lanak Nafarroako Gobernuak emandako laguntzen barnean egiten ari dira. Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok eta Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusi Alvaro Baraibarrek indusketa lanak bisitatu zituzten. Estreinako aldia zen Nafarroako Gobernuko kideek halako bat bisitatzen zutena.

Paco Etxeberria forentseak adierazi duenez, gorpu guztiak ezin dira beti topatu edo identifikatu. "Ezinen ditugu guztiak aurkitu, baina berreskuratzen den gorpu oro guztiona da", azaldu du. Gorpuak hobitik ateratzeko lanetan, erakundeek, Gobernuak eta udalak erakutsitako "sentsibilitatea eta inplikazioa" eskertu ditu.

Uhartearrak
Silverio Astiz Lakuntza 1877ko garagartzaroaren 20an jaio zen. Ramon eta Gregoriaren semea, Nicolasa Ezkurdia Garziandiarekin ezkondua zegoen eta seme bat zuen. Nekazaria eta UGTko kidea, Uharte Arakilgo alkatea zen, 59 urte zituela, atxilotu eta espetxeratu zutenean. 1936ko lastailaren 28an fusilatu zuten, Iberon.

Silverio eta Nicolasaren semea, Silverio Astiz Ezkurdia, 1915eko garagarrilaren 20an jaio zen. UGTko kidea zelako atxilotu eta espetxeratu zuten. 21 urte zituela hil zuten, aitarekin batera, 1936ko lastailaren 28an fusilatu zituzten, Iberon.

Victor Martirena Irañeta UGTko kidea zen. 26 urte zituela atxilotu eta espetxeratu egin zuten. Iberon erailtzeko atera zuten espetxetik.