Heldu den astean zabalduko da haur eskolako matrikulazioa

Guaixe 2016ko ots. 24a, 18:28

Uharte Arakilgo Udalak jakinarazi du Pausoka haur eskolan izena emateko epea martxoaren 1etik 16ra zabalik egonen dela. Izena ematea astegunetan udaletxean, 10:00etatik 14:00etara, egin daiteke edo 948 464 06 telefonora hots eginez. Matrikula tasa errentaren araberakoa da. Pausokak 0 eta 3 urte arteko haurrei euskarazko heziketa eskaintzen die. Astegunetan dago zabalik, 8:30etik 15:30era eta jantoki zerbitzua eskaintzen du.

Eskainitako plazak beteko balira eta izena emandako Uharteko haurren bat plazarik gabe geldituko balitz Arbizuko Kattuka haur eskolan aritzeko aukera izanen luke. Izan ere, udal ordezkariek halakorik gertatuz gero Lakuntzako eta Arbizuko udalekin hitzarmena sinatuko lukete gastuen parte bat finantzatzeko.

Azpiegiturak
Haurrek gozatu eta ikasi ahal izateko Pausoka haur eskolak honako guneak ditu: erabilera anitzeko gela, espazioa bitan banatua dago hesi baten bitartez, ibiltariak eta titikoak bereiztu ahal izateko (gela barruan haurrei egokitutako komunak daude), psikomotrizitate gela zabal-zabala, 3 gunetan banatutako patioa (parkea, harriak eta baratza), lo kuluxka gela, sukaldea eta jangela.

Ate irekiak
Ostegunean, 16:15etik 17:15era.