Eskola handitu beharra

Guaixe 2016ko mar. 18a, 09:26

Guraso talde batek haur-eskolak haur gehiago hartzea eskatu du. Bitartean, espazio faltagatik, udala eskolarako gela berri bat egiteko negoziazioetan dago.

Despeditu berri da ikastetxeetan izena emateko epea. Zabaldu zenean Irañetako eta Uharte Arakilgo guraso talde bat Uharte Arakilgo Udalari zuzendu zitzaion. Euren seme-alabak “ D ereduan, publikoan eta eskola herrikoian eskolatzearen aldekoak” zirela adieraztearekin batera, “gutako askoren haurrak Uharteko haur eskolatik kanpo geratuko direnaren beldurra dugu, gaur egungo eraikinak duen espazioa ikusirik”. Horregatik, udalari haur eskola handitzeko aukerak aztertzeko eskatu zioten.

Egungo azpiegiturak baliatuz proposamenak ere egin zituzten: “eskolako psikomotrizitate gela erdibituz nahiko leku egongo litzateke haur eskolako haurrik txikienei beharrezko zaintzak eta arreta emateko”.  Haur eskolako umeek eta eskolakoek ordutegi ezberdina dutenez, legean oinarrituta, jantokia gela bihurtzeko aukera ere aipatu zuten. “Modu horretan ez eskolak ezta haur eskolak ere ez lukete psikomotrizitate gela galduko”.

Eskaera aurkeztu zuten gurasoendako “haur eskola handitzeak herri eskolaren jarraipena erraztuko du”. Irañetan eta Uharten 0 eta 3 urte arteko 45 ume inguru daudela eta haur eskolan 11 onartzea “gutxiegi” iruditzen zaiela azaldu dute. “Ratioa handituz, hainbeste familiek haur txikiak goizero Arbizu edo Etxarriraino eraman beharra ekidin daitekeela iruditzen zaigu”. Guraso horiek auzolanerako eta dirua lortzeko jarduerak antolatzeko prest azaldu dira.

Udala
Hezkuntza Departamentuarekin hizketan ari da azken aldian Ainara Aiestaran, Uharte Arakilgo alkatea. “Heldu den ikasturtean 15 haur eskolan sartuko dira eta espazio falta dugu. Eskolan gela berri bat behar da eta departamentuarekin konponbidea bilatu nahian ari gara”. Momentuz, udalak haur eskola handitzeari ez dio helduko. Eta zehaztu nahi izan du bi herrietan dauden 45 ume horietatik 15 bat heldu den ikasturtean eskolan edo ikastolan hasiko direla. Alkateak gogorarazi du plazak bete eta izena emandako Uharteko haurren bat plazarik gabe geldituko balitz Arbizuko Kattuka haur eskolan aritzeko aukera izanen lukeela. Halakorik gertatuz gero Uharte Arakilgo Udalak Lakuntzako eta Arbizuko udalekin hitzarmena sinatuta duela eta gastuen parte bat finantzatuko duela azaldu du.

Alkateak ikuspegi “globala” aipatu du. “Eskaeraren azterketa eta aurreikuspenak egin behar dira”. Urtetik urterako erantzunak ematea kostu handia dutela aipatu du. “Urte batzuetan haur asko daude eta beste batzuetan gutxi. Plangintza beharrezkoa da”. Eta ikuspegi zabal horren barruan  Aiestaranek Nafarroako tokiko maparen berrantolaketan aukera bat ikusten du (gaur dute hari buruzko bilera Irurtzunen). “Erronka da. Sakanan lau haur eskola daude. Irurtzunen ez dago. Guk arakildarren eskaerak ditugu. Eskualde mailako azterketa orokorra eta eztabaida egin behar da. Tokiko maparen berrantolaketarekin hastean horri helduko diogu”.