Asmo horrekin hainbat uhartearrek Uharte Arakil, 80 urte memoria galtzen taldea sortu dute. “Gure artean hainbeste denboran ezkutatua egon den errealitatea ezagutzea nahi dugu. 80. urteurren honek aukera paregabea sortzen du altxamendu faxistaren biktima izan zirenei babesa emateko eta merezi duten errekonozimendua egiteko”. Izan ere, 1936an Victor Martiarena, Silverio Astiz Lakuntza (alkatea izana) eta Silverio Astiz Ezkurdia aita-semeak erail zituztela. Errepublikaren kontrako estatu kolpearen ondorioz beste hainbat uhartear errepresaliatuak izan ziren. “Francoren diktaduraren lehen biktimak izan ziren”.
Hiru eraildakoen gorpuak Iberon induskatu den fosa batean egon daitezke. “Gaur egun oraindik ez dakigu posible izanen den hiru uhartear hauek ekartzea. Oraindik lan asko dago egiteke, espero dezagun noizbait hiru pertsona hauen gorpuak etxera ekarriko ditugula, gorpuak euren familiei itzuli eta merezi duten omenaldia egin ahal izateko”. Horregatik, talde sortu berriak erakundeei Iberoko indusketak eta hezurduren identifikazioa babesten segitzeko eskatu diete.
Bi lan ildo
Taldea, batetik, 1936an gertatutakoa ikertzen ari da, “bai eraildakoak bai errepresioa jasan zutenak. Gure helburua, Uharte Arakilgo herriak gertatutakoaren dimentsio osoa izatea, Uharteko gizartean izan zituen ondorioez kontziente izatea”. Bestetik, memoria historikoaren aitortzan eta kontzientziazio lanetan. Hala, eraildakoei aitortza egin eta haien hezurdurak bilatzeko udalarekin eta eraildakoen familiekin harremanetan eta lankidetzan ari dira.
Taldea aurkezteko hitzaldi sorta prestatu dute eta lastailaren 29rako Memoriaren Eguna antolatuko dutela jakinarazi du: “Egun horretan omenaldi xume bat egin nahi diegu Uharte Arakilen errepresaliatuak izandako pertsonen familiei”. Bestalde, udalarekin harremanetan daude “frankismoaren errepresaliatuen omenean esparru bat zabaltzeko. Pertsona hauei dedikatutako esparrua nahi dugu, datozen belaunaldiek gertatu zena jakin dezaten eta holakorik berriro gerta ez dadin”.
Egitaraua
Apirilak 22, ostirala
19:00etan II República y Guerra civil en Navarra. Hizlaria: Javier Dronda, Historian doktorea eta Gerónimo de Uztáriz insititutuko lehendakaria. Udaletxean.
Apirilak 27, asteazkena
19:00etan Errepresio Franquista Nafarroan eta bideo proiekzioa: Desafectos. Esclavos de Franco en el Pirineo. Fernando Mendiola, Historian doktorea eta Nafarroako Memoria Historikoko Dokumentazio Funtseko koordinatzailea. Udaletxean.
Garagarrilean
Iberoko hobira irteera eta omenalditxoa.
Garilak 20, asteazkena
Hiru uhartearrak atxilotu zituzten eguna. Lastailaren 29ra arte luzatuko den 2. fasea jarriko dugu martxan.