Beroaren kontra… waterpoloa

Guaixe 2016ko uzt. 20a, 12:16

Uharte Arakilgo igerilekuek hartu zuten Mank-eko waterpolo txapelketa

Udako kanpainaren barruan Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak antolatzen duen waterpolo txapelketa aurten Uharte Arakilgo Itsesi igerilekuetan jokatu zen, asteartean. 35 gradutik gorako tenperatura altuei aurre egiteko, primeran etorri zen waterpolo jardunaldia.

Mank-eko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak adierazi digunez, 7 urtetik 15 urte bitarteko Sakanako makina bat neska-mutikok hartu zuten gora ekimenean, 40 kidetik gora. “Oso giro ederra sortu zen Uharte Arakilen waterpolo jardunaldian. Eskerrak Uharte Arakilgo udalari laguntzagatik eta horrelako leku zoragarria eskaintzeagatik” gaineratu du teknikariak.

Herri eta adin desberdinetako neska-mutikoak nahasiz, talde ezberdinak sortu ziren, ahalik eta orekatuenak, eta waterpoloan arituz izugarri disfrutatu zuten guztiek. Bukaeran, sari bikaina jaso zuten: patata tortilla ogitarteko goxoa eta laranjazko zukua.