Artzaintzari eskainitako eguna

Guaixe 2016ko abu. 26a, 10:19

Agorrilaren 28an, 10:00etatik aurrera, 49. Artzain eguna.

Aralar Mendi elkarteak artzainak omentzeko festa antolatu du agorrileko azken iganderako. Aurtengoa ospakizunaren 49. edizioa izanen da, atzera ere, Uharte Arakil guztia artzaintzaren inguruko festa herrikoia bihurtuko duena. Goizetik jende ugari erakarriko du Artzain Egunak. Hainbat salmenta postu, artisauak, gazten salmenta postuak, lanabesak… Artzaintzarekin lotura duen hainbat gauza izanen dira. Guztia musikak girotua. Lagun askok hitzordua jartzen dute Uharten egun horretan. Askok bazkal aurreko gazta erdiaren enkanteak erakartzen ditu ere.

Turismo Intereseko Festa izendapena du Artzain Egunak. Goikoak arrazoi gutxi badira, beste hainbat segidan. Aurreneko ediziotik hutsik egin ez duen artzain txakurren trebezia lehiaketa izanen da Geinbera zelaian. Hura bezain beteranoak ez diren beste lehiaketa batzuk ere jokatuko dira herrian: gaztena, ardi latxena edo ardi-motzaileena. Arriskuan dauden arrazen erakusketa, ardiki txapelketa edo ardi aukeratuen lehiaketak dagoeneko ezin dute lehiaketan hutsik egin.

49. Artzain Eguna. Egitaraua
Artzainen omenaldi festa
10:00etan Epaimahaiaren hautaketa. Aurreskua.

10:30etik 14:30era Nafarroako ardi latxa esne gordinaz egindako gaztaren XXXV. Txapelketa. Saritutako gazten enkantea, dastatzea eta gaztaren feria.

10:30etik 13:30era Nafarroako XXXIII. ardi latxaren erakusketa eta esne-ekoizpen lehiaketa.
Latxa arrazako ardi aukeratuen XIII. lehiaketa nazionala (hau da bertako ardi latxaren txapelketarik garrantzitsuena).

11:30ean Aralar-Andiara aldaketa egiten, herrian barna artaldea pasako da.
Goizean Artzain bat betidaniko erara gazta egiten ikusi ahal izango dugu Donibane plazan.

11:00etatik 13:00etara Nafarroako XXIX. ardi mozte mekanikoaren txapelketa, Espainiako txapelketarako sailkagarria.

11:00etatik 12:00etara Euskal artzain txakurren, Pirinioetako artzain txakurren eta galzorian dauden arrazen XXIV. erakusketa.

12:00etan Agur Jaunak. Artzain egunean parte hartu duten eta bertako kulturaren alde lan egin duten pertsona, entitate eta taldeei omenaldia.

12:15ean XXII. ardiki gisatuaren txapelketa eta dastatzea.

12:45ean Nafarroako ardoen XXII. dastatzea.

13:30ean Goizeko lehiaketa guztietako sariak eta txapelak banatuko dira. Ondoren, gazta erdi irabazlearen enkantea plazan.

14:30ean Uharte Arakilgo frontoi estalian herri bazkaria: Nafarroako axuriarekin prestatutako menua (txartelak argibide mahaian salduko dira goiz guztian barna).

17:00etan Nafarroako  49. Bertako Artzain Txakurren Lehiaketa Ofiziala Geinberako barrutian (Euskal Herriko eta Oñatiko Nazioarteko txapelketetarako sailkagarria). Partaide eta antolatzaile zaharrei omenaldia.

*Goiz guztian zehar: gazten eta eskuz eginiko beste produktuen erakusketa; eskulanen erakusketa: kaikuak, egurrezko uztaiak, apaingarriak, zeramika, egurra, ardazlariak, taloak, jakiak… Euskal dantza, musika taldeak eta joaldunak.

www.artzaieguna.com
Artzai eguneko informazio guztia.