Sustrai eguna bueltan da

Guaixe 2016ko ira. 2a, 12:16

Kalejiran joanen dira San Bartolome ermitara.

Joan den urteko estreinako esperientzia onaren ondoren, Sustrai Eguna bueltan da Uharten. Bihar eguerdian piztuko dute etxajua. Musikariak lagun herrian barna kalejiran ibiliko dira, uhartearrak festara batzeko. Herriari buelta eman ondoren, kalejirak Andiarantz joko du, San Bartolome ermita helburu izanik. Haren ondoan, 14:30ean, mahaira eseriko dira. Joan den urtean 80 bat izan ziren eta aurten ere antzeko izanen dela espero dute antolatzaileek. Mahaitik jasotakoan bildutakoen artean jolasak eginen dituzte. Ermita inguruko aldia despedituta Uhartera kalejiran jaitsiko dira. Herriko musikariek bi hilabete daramate kontzertua prestatzen eta 23:00etan igoko da eszenatokira Saint Bartolomiu´s Warriors. Haiek Bye Jesus´s mother returns tour emanaldia eskainiko dute.

Inguruko herrietan mendian edo basoan egiten diren eta herri guztia elkartzen duen erromeriak zeudela “inbidiz” ikusten zuten hainbat uhartearrek. Haiek elkarrizketak Sustrai Egunean gauzatu ziren joan den urtean. Aldi berean, herriak duen ondare zabala ezagutarazteko bidea eman nahi dute.