Uharte Arakil-Beriain Km bertikala jokoan

Guaixe 2016ko ira. 16a, 14:10

Probaren 8. edizioa jokatuko da igandean, 10:00etatik aurrera

Nahiz eta oso eguraldi ona ez iragarri, jendez beteko dira Uharte-Arakildik Beriainera bitarteko maldak, azken aldapa gogorrenak bereziki. Izan ere, Aralar Mendi elkarteko mendi klubak hainbat babeslerekin batera antolatuta, igandean, irailaren 18an, Uharte Arakil-Beriain Km Bertikalaren 8. edizioa jokatuko da, ikuskizun bikaina.

Goizeko 10:00etan abiatuko da proba Uharte Arakilgo frontoitik. Dortsalen banaketa herriko plazan egingo da, goizeko 8:00etatik aurrera. Helmugara igotzeko arroparen bilketa, berriz, 9:00ak arte eginen da. Uharte Arakilgo proba Nafarroako Km Bertikalen Txapelketa da aldi berean, banakakoa eta kluben artekoa, eta Euskal Herriko Bertikalen Koparako puntuagarria da, Defi Du Petit Train (Azkain), Zegama-Aizkorri KV (Zegama), Anboto Km Bertikala (Atxondo) eta Araia-Aratz (Asparrena) probekin batera. 

Proban 124 korrikalari daude izena emanda, aurreko urtean baino gutxiago, 194k hartu baitzuten parte. Banaka-banaka aterako dira 10:00etatik aurrera, proba kronometratua baita. Uharte Arakildik (471 m) aterata Beriaingo San Donato ermita izango dute helburu parte hartzaileek (1494 m). Proba motza da, baina intentsitate handikoa: 5 km-ko lasterketa, baina 1.023 metroko desnibelarekin eta sekulako etapa eta maldekin. 

Gainontzeko korrikalarien denboraren erreferentziarik ez dutenez, lasterkariek erlojuaren kontra eta euren buruaren kontra egin behar izaten dute lana. Joan den urtean, 199 korrikalari aritu ziren, tartean 26 sakandar. Aitor Osak sekulako erakustaldia eman zuen eta berak aurretik zuen errekorra 27 segundotan hobetu zuen (39:54). Emakumezkoetan Uztarrotzeko Laura Sola izan zen azkarrena (51:49). Sakandarren artean Jose Luis Beraza izan azkarrena, helmugan zazpigarrena sailkatu eta gero (45:35). Taldeka Sakana Bizirik izan zen onena eta Aralar Mendi hirugarrena.



Geroz eta ikusle gehiago
Edozein toki da aproposa proba jarraitzeko, baina azken zatia da gogorrena eta ikusgarriena. Urtero geroz eta ikusle gehiago biltzen dira Beriainen proba jarraitzera eta primerako giroa izaten da. 



Errekorra: Aitor Osa (39:54) eta Leire Agirrezabala (49:47)

Emakumeendako eta gizonezkoendako sariei dagokienez, txapeldunek garaikurrak, txapela eta 300€ jasoko dituzte, bigarrenek garaikurra eta 150€ eta hirugarrenek garaikurra eta 100€. Beteranoendako eta 18 urtez azpikoendako txapeldunendako garaikurra izanen da.
Bestalde, errekorra apurtuz gero, 300 euroko saria dago jokoan. Errekorra aurreko urtean apurtu zuen Aitor Osak (39:54). Aldiz, emakumezkoen errekorra 2013an ezarri zuen Leire Agirrezabalak (49:47). 



www.uhartearakil-beriain.com

Probako informazio guztia, ibilbideen track-a eta beste.