Poesiarekin hitzordua

Guaixe 2016ko aza. 11a, 14:03

Larunbatean, 17:30ean, Uharte Arakilgo jubilatu elkartean.

Udazkeneko poesia hitzordua hutsik egiten ez duen zita bihurtu da Uharte Arakilgo Donibane jubilatu elkartean. 11. aldiz poesia errezitaldia hartuko du. Bost olerkari bilduko ditu hitzorduak eta euren poemak jendaurrean errezitatuko dituzte. Lan horretan Mikel Auzmendi gitarra-jole etxarriarraren laguntza izanen dute.

Bi uhartear ariko dira herritarren aurrean errezitatzen: Blanca Arrizabalaga eta Alfonso Muro. Aurrenak 2003an Un espejo de mis sentimientos liburua argitaratu zuen. Lan hartako poemekin batera olerki berriak errezitatuko ditu Arrizabalagak. Haietan maitasuna, ama, erlijioa, krisia edota natura gaiak lantzen ditu. Arrizabalagaren gonbidapena onartu zituela urte batzuk dira eta ordutik ez du hutsik egiten Alfonso Murok. Bertso librea, metrikarik gabekoa, erabiltzen du “emozio uneak” transmititzeko. Beretako du sormen lana, boladaka sortzen duena.

Gonbidatutako olerkariak
Behin huts egin du Mercedes Viñuela iruindarrak Uharteko hitzorduan, gaixotasunagatik izan zen. Joan den urtean Versos de mi otoño (Asociain EOS Barbarin, 2015) liburua argitaratu zuen, maitasuna, bakardadea, itxaropena, denboraren pasa eta heriotza gaiak landu zituen han. Aurretik Mi vida como un rio (Auto-ekoizpena, 2006) liburua argitaratua du. 2002 urtetik Nafarroako Ateneoko Angel Urrutia eta Lizarraldeko Poetak taldeetako kide da.

Tomas Yerro Villanueva poeta hirugarrenez izanen da Uharten. Espainiar hizkuntza eta Literatura batxilergo katedradun jubilatua, Altsasuko institutuan irakasle aritu zen. Bere zuzendaritzapean abiatu zen Hezkuntza eta Kultura Ministerioaren Itaca hezkuntza aldizkaria eta bost urtez zuzendu zuen Rio Arga poesia aldizkaria. Literatura analisiari buruzko hainbat liburu idatzi ditu, baita kolaborazioak hainbat aldizkaritan eta argitalpenetan argitaratu ere. Yerro Nafarroako Gobernuko kultura arduradunetako bat izan 1991 eta 1999 urteen artean.

Inma Biurrun estreinakoa du Uharten. El jardín que sembraste liburuko poemak eskainiko ditu. Anbibalentzia askok markatzen dute liburu hori: bizitza-heriotza, pasioa-ahazturari beldurra, berotasuna-hoztasuna. Esperantza eta bakardadearen arteko poesia borroka. Olerki soilak, benetakoa islatzen dutena, hizkuntza aberats, hitz zehatz eta aditz egokiaz. Hainbat tokitan barnako bidaietan harekin joateko gonbidapena luzatu du Biurrunek, barrurantz egindako bidaia bihurtuz guztiak.