Aurten Uharte Arakilen bost kinto daude, baina haietako hiru animatu dira euren festa ospatzera. Olatz Razkin, Andrea Navarro eta Ibai Orbegozo dira atzotik kinto ospakizunetan daudenak. Bazkaltzera elkartu ziren. Handik jaso eta baserrietan hasi zuten euren eske erronda. Haiekin batera herriko trikitilari bat joan zen. Herrira bueltan, eskearekin segitu zuten. Afaldu ondoren parranda egin zuten.
Gaur goizean industrialdean eta Zerradoa auzoaren zati batean eskatuko dute. Azken horretan eskea bazkaldu ondoren despedituko dute. Afariak ordu txikiak arteko parrandari segida emanen dio. Eskatzeko azken eguna larunbata izanen da, herri-gunean ariko da hirukotea eskean. Langintza horretan gaur eta bihar trikitilari etxarriar bat izanen dute. Eskea despedituta, bazkaldu ondoren ihote ospakizunarekin bat eginen dute kintoek. Afaltzera 15 elkartuko dira, kinto gazte eta zaharrak haiekin ariko baitira.
Kinto ospakizunak irauten duen bitartean udalak gazteei mojek erabilitako eraikineko gela bat uzten die eta han lo egiten dute. Igandean, esnatu ondoren, guztia jaso eta garbituz bukatuko dira kinto-egunak.