Itxesi inguruan eta Beriain mendiaren magalean leku paregabean mustu zuten joan den igandean Uharte Arakilgo autokarabanen gune berria. Duela urte bat martxan jarri zen gunea, baina aurreko asteburua data aproposa ikusi zuten udaletik inaugurazio ofiziala egiteko. Tximeleta Elkarteak, Nafarroako Autokarabana Elkartea, urteko batzar nagusia Uharte Arakilen egin zuen eta horrek ere data zehaztera bultzatu zituen.
Zerbitzu eskaintza zabala daukate eremu berri honetan. Gau bat ala bi bertan lo egiteko aukera ematen zaio hamabost autokarabanei, argia, ur garbia hartzeko aukera baita ur zikina botatzeko lekua, igerilekuetako dutxak dituzte besteak beste. Udari begira udalekuetako instalazioak aprobetxatu daitezke eta baita mendiko kirolaz gozatzeko eskaintza zabala dago.
Ingurua errespetatzen duen turismo proiektu bat bultzatu nahi izan dute Uharte Arakilgo Udaletik. 2013-2014 urtean hasi ziren gune berri honen sorrerarekin, udaletxeko zinegotzi batek proposatutakoa. Ideia landu eta gero, aukera aberasgarria ikusi zuten herriarendako.
30.000 euro inguruko inbertsioa egin dute eremu berri hau sortzeko. Europako Leader diru-laguntza jaso zuten eta laguntza handia izan da Udalarendako. Oso balorazio positiboa egin dute Uharteko Udaletik, Ainara Aiestaran alkateak azaldu duenez, “gero eta jende gehiago gerturatzen ari da eta gu oso pozik gaude alde horretatik”.