Artzain Egunera hurbiltzeko jardunaldia

Guaixe 2017ko eka. 16a, 09:05

Urteroko hitzorduaren aurretik festan egiten diren jardueretara hurbiltzeko ekitaldiz betetako asteburua antolatu du Aralar Mendi elkarteak. Gainera, bere ordezkariek Nafarroako Gobernuak emandako aitortza jasoko dute larunbatean.

Agorrileko azkeneko igandean, 27an, Artzain Egunak bere 50. edizioa beteko du. Urteurren borobila. Aralar Mendi elkarteak mende erdia eginen du artzaintzaren eta haren ohituren sustapenean eta zabalkundean.
Eta eginkizun horretan Artzain Egunak ezinbesteko lana egiten du gastronomiaren eta artzaintzaren ohituren elementu tipikoen mantentzean. Latxa ardiaren esnez egindako gazta lehiaketak lortutako sona eta oihartzuna aipagarriak dira.

Urteurrena dela eta, antolatzaileak hura "ospatu eta mende erdian Aralar Mendiko kideek eta uhartearrek egindako lana handia aitortzeko" beharrean sentitu dira. jardunaldiak antolatu dira. Guztien laguntza eskertu nahi dugu". Horregatik, asteburuan Artzain Egunean egiten diren jardueretara hurbiltzeko jardunaldia antolatu dute. Jardunaldiak honako izenburua dute: artzain eskuz egina. Probatu nahi?

Aitortza
Aralar Mendi elkarteak Nafarroako Gobernuaren Carlos III.a Noblearen Gurutzea domina jasoko du bihar. Aralar Mendi Elkarteak Artzain Egunaren antolakuntzan egindako lana aitortu nahi du horrela foru administrazioak. Zehazki artzainen tradizioak eta produktuak sustatzen eta zabaltzen emandako 50 urteak.
Nafarroako Gobernuak emandako domina horrek “euren jarduera esparru zehatzetik foru erkidegoaren garapenari, proiekzioari  eta ospeari ekarpena egin dioten” pertsona eta erakundeen lana aitortzea du helburu. Nafarroako Gobernuak berak Nafarroako Turismo Intereseko Festa izendatu zuen Artzain Eguna.

Egitaraua
Larunbata 17
17:00 Ardi latxari buruzko azalpena. Ardiak jetzi.
18:00 Kaikua ezagutzea. Gaztagintza.
19:30 Gazta dastaketa herrikoia.
Herrian

Igandea 18
11:00 Euskal artzain-txakurren trebakuntza.
12:30 Ardi-moztaileen lana. Artilearen erabilera.
14:00 Ardiki on bat prestatzeko trikimailuak. Dastaketa.
Futbol-zelaian