Agorrilaren 27an 50 urte beteko ditu Artzain Egunak. Haren antolatzaile Aralar Mendi elkarteak bere kideek eta uhartearrek egindako lana eskertzeko asteburuan jardunaldia antolatu zuen. Eta dakien moduan egin zuen, artzaintzaren eta haren ohituretara gerturatzeko asteburuko jardunaldia antolatuz.
Larunbat arratsaldean ardi latxari buruzko azalpenak jaso zituzten eta ardiak jezteko aukera izan zuten. Kaikua eta gazta nola egiten diren erakutsi zuten eta gazta dastatze batekin bukatu zen. Igandean, berriz, euskal artzain-txakurren inguruko azalpenak eta trebakuntza erakustaldia izan ziren. Eguerdian ardi-moztailea lanean aritu zen eta hark artilearen erabilerak zein diren argitu zuen. Azkenik, ardiki on bat prestatzeko sekretuak azaldu eta dastaketarekin despeditu zen.