Uxue Barkos Berruezo lehendakariaren eskutik Karlos III.a Prestuaren domima Aralar Mendi elkartearen izenean Jose Mari Ustarrozek, Txomin Uhartek eta Zuriñe Beltzak jaso zuten. Eta uhartear mordo bat gehiago izan zitezkeen, elkartekide edo laguntzaile gisa, makina batek lagundu dutelako Artzain Eguna aurrera egin eta aurten 50. ediziora iristea. Larunbateko bultzadak orain arte "egindako lana aitortu" eta lan egin duten moduan horretan segitzeko "bultzada" dela aitortu zuen Uhartek.
Barkosek ekitaldian esan zuenez, "Aralar Mendi Elkartearen etengabeko esfortzuari esker, kalitatezko gaztak, artisautza, artzain-txakurren gaitasuna, motzaldia, folklorea eta artzain-kultura bateratzen direlako, Nafarroako mila urteko tradizio honek indarrean jarraitzen duela erakutsiz, oraingo eta etorkizuneko landa-ekonomiaren funtsezko euskarria delako".
Aipatu beharra dago uhartearrak ez zirela ekitaldian izan ziren sakandar bakarrak. Nafarroako DYAk 40 urte bete dituela eta aitortza bera jaso zuen, " gehien behar den uneetan herritarrei lagundu die, arriskuak saihestuz eta zerbitzu paregabea emanez gizarteari oro har". Elkarteko ordezkaritza osatzen zutenen artean Alfredo Zelaia bakaikuarra zegoen.
Karlos III.aren Gurutzea
Nafarroako Karlos III. Prestuaren Gurutzea kondekorazioa 1997. urtea sortu zuen Foru Gobernuak, Nafarroaren aurrerapenean eta Komunitatea kanpoan ezagutzera ematen nabarmen lagundu duten pertsonak eta erakundeak saritzeko, dagozkien jardueren esparru jakinetik. Foru dekretu bidez ematen da.
Sariak hain zuzen Karlos III. Noblearen izena hartu zuen. Nafarroako erregeen artean nabarmendu zen, bere izaera baketsu eta adiskidetzailearengatik, kulturaren eta artearen alde egindako ekimenengatik eta Europako gainerako gorteekin bake eta adiskidetasun harremanak ezartzeagatik.
Kondekorazioa gurutze esmaltatu bat da, eta Nafarroako Artxibo Orokorrean gordetzen den ezkozko errege-zigiluan agertzen den Karlos III. eseriaren irudia berregiten da, "Karolus regis navarre" legendaz inguratuta. Atzealdean Nafarroako ezkutua dago, "Nafarroako Foru Komunitatea" adierazpenaren eta "Cruz de Carlos III el Noble de Navarra" legendaren gainean.