Larunbatean jokatu zen, Labrit pilotalekuan, Nafarroako Herrien Arteko Pilota Txapelketako finala, ehunka zaleen aurrean. Doneztebe eta Iruñea sailkatu ziren final handirako. Guztira lau partida jokatu zituzten bi taldeek, kimuetan, haurren mailan, jubeniletan eta seniorretan. Azken maila honetan, Ion Gorriti uhartearrak jokatu zuen Donezteberekin, Xabier Barandiaranekin bikotea osatuta. Iruñea taldeko Ivan Garcia eta David Cordón izan zituzten aurkari.
Nahiz eta aurretik jokatutako hiru partidetatik bi Doneztebek irabazi eta abantaila izan, hasieratik irabaztera atera ziren Barandiaran eta Gorriti. Uharte Arakilgo atzelaria primeran egon zen atzeko koadroetan, sendo ibili zen, segurtasun handiarekin, eta horrek Barandiarani aurreko koadroetan gozatzea ahalbideratu zion. Arerioek ezin izan zioten Doneztebekoen erritmoari eutsi eta, azkenean 10 eta 22 irabazi zuten Barandiaranek eta Gorritik. Doneztebek jantzi zuen txapela, merezimendu osoz, eta txapela horretako bat Sakanara iritsi zen.