Beste behin ere Beriaingo ermitan da hitzordua; San Donato eta San Kaietano sainduei eskainia dagoen eraikinean hain zuzen ere. Hara igotzeko Olloko, Irañetako, Uharte Arakilgo eta Unanuko bideak dira normalean erabiltzen direnak. Haien eguna agorrilaren 7an bada ere, ospakizuna ondorengo igandera pasatzen da. Uhartearrek bi sainduen irudiak herrian gordetzen dituzte eta egun honekin mendira igotzen dituzte, 11:00etan izanen den elizkizunean presente izan daitezen. Mezaren ondoren auzatea izanen da. Alde batetik, Uharte Arakilgo Udalak gazta, txorizoa, urdaia, ardoa eta ura emanen ditu eta, bestetik, Ollo ibarretik joandakoek kafea eta pastak. Jan-edanak jendarteko harremanak sustatzeko modua izanen dira beste behin ere.