Artzain Egunaren 50. urteurrena

Artzain Eguna, topaleku eta erakusleiho

Guaixe 2017ko abu. 26a, 11:49

Jose Mari Ustarroz, Artzain Eguneko antolatzaileetako bat

Aralar Mendi elkarteak antolatuta, Artzain Egunaren 50. edizioa eginen da bihar. Urteurren borobil horren kontura artzaintzaren gorazarre den ospakizuna gertutik ezagutzen duen uhartearra, Jose Mari Ustarroz, hari buruzko kontu asko azaldu dizkigu. Azken erantzunean eman du albistea

Txakurren trebezia proba hartzen duen Geinberan jolasten zineten Uharteko haurrak, ezta?
Bai, irristeak egiten. Neguan batez ere, lohia zegoen garaian, halako kanal txiki bat egin, han bi hankak sartu eta handik irristatu, goitik behera. Euririk ez baldin bazegoen, lehor xamar bazegoen, pixa egin, “engrasetarako”. Trenbideko aldapa horretan ere ibiltzen ginen zerbait. Artzain Eguna egin genuen lehen urtetan Bartzelonatik hasita gizon bat etorri zen, hemen bizitua. Uste dut guardia zibilen edo trenbideko langileen semea zela. Geinbera ikusi zuenean etorri omen zen eta besterik gabe: “nik hor zenbat pantaloi hautsi ditut irristean”.

Artzain Egunak Uharte Arakil mapan jartzen lagundu du?
Bai. Dudarik gabe. Uharte hemendik kanpo, gehien, Artzain Egunarengatik ezagutzen da.

Nondik sortu zen Artzain Egunaren ideia?
Lehendabiziko artzain txakur lehiaketa Gironako Pirinioetan egin zen, Ribes de Freser eta Nuria arteko herri txiki batean. Hango albaitaria zen Agustin Franco Franco. Ikaragarrizko langilea izan behar zuen. Nik ez naiz trebe esatea ezagutu nuenik. Listo xamar hil zen, vespa motor istripu batean. Hark Ingalaterran halako probak egiten zirela jakin zuen eta han egitea erabaki zuen. Lehendabiziko proba egin zuen garaian, orduko hedabideetan atera zen, dudarik gabe.

Oñatiko mendigoizale bat, beti mendi hauetan ibiltzen zena, irakurri zuen eta esan omen zuen: “gu beti mendian, artzain eta txakurren artean eta ez zaigu okurritu horrelako bat egitea”. Beraiek beti gauzak antolatzen ibiltzen ziren. Albaitariarekin harremanetan jarri eta hango artzain bat, edo bi, ekarri zituzten Urbiara. Inguruko artzainekin probak egiten aste bat egon ziren. Hartatik egin zen lehendabizikoa Oñatin. Urte hartan edo hurrengo urtean zabaldu nahi izan zuten lau lurraldeetara. Nafarroan gehien ezagutzen zuten herria Uharte zen, Aralar eta Beriain mendiengatik. Alkatearen itxe eta dena ezagutzen zuten. Bestalde, Hiriberrin Jose Agirrezabal albaitaria zegoen, Brinkolakoa. Haien laguna zen eta horrek erraztu zion hemen bidea egitea. Herria konprometitu zen lehendabiziko lehiaketa egitera, baino suerte txarrez, sutea izan zen egun hartan (1963, herriaren laurdena erre zen) eta gero sei urtez ez zen egin.

Aurtengoa 50. edizioa izan beharrean…
56. edizioa litzateke, ez balitz suertatu. Bigarren edizioa egin baino lehen, hamarkada horretan, talde bat mugitzen hasiak ginen: “zerbait egin behar genuen. Elkarte bat egin behar genuen”. Taberna moduko elkarte bat ez; pentsatzen genuen hemen ez genituela prezioak jaitsi behar merkeago ateratzeagatik, baizik eta gauzak egin behar genituela: kultura aldetik, ekonomia aldetik, alde guztietatik… Garai hartan norbaitek esan zidan: “ ta, zer, hau egin behar da eta, zer, hor merkeago atratzeko o, zer? Ez. Merkeago ez dakik atria ber, beño jakintzak hartzen duken bakoitzetik pezta bat kutxa batea duela eta harrekin gauzek eingo ttugula”. Inor ez zen atzera bota, baina filosofia harekin ari ginen.

Hortik sortu zen Aralar Mendi elkartea?
60ko hamarkadaren erdia baino lehen mugitzen hasiak egonen ginen. Nahiko buelta eman genituen. 1968an estatutuak-eta aurkeztu genituen. Problema txikiren bat sortu zen, erredakzio eta beste gauza politikoren bat ere. 1969ko ilbeltzean onartuta etorri ziren eta lanean hasi ginen. Horregatik, kargu egin ginen Artzain Egunaz. (Elkarteak gerra aurretik herrian zegoen futbol taldearen izena hartu zuen).

Hasiera-hasieratik zuen kargu zegoen Artzain Eguna?
Lehendabizikoan bigarren lerroan egon ginen, udalak egin zuen. Lehendakari izendatu genuena ere orduko Junta de Veintena-n (herriko zergadun handienen batzarra) zegoen. Harekin batera kargu egin ginen.

Nolakoa izan zen 1968ko aurreneko edizio hura?
Zenbat jende etorri zen, uharterrak harrituta gelditu ziren. Uharten jendetza handia izan omen zen batzokia mustu zuten egunean, errepublika garaian. Orduz geroztik Uharten hainbeste jende ez zela egon esaten zuten. Idea egiteko.

Egun osoko egitaraua izan zen?
Ez. 14 urtez arratsaldekoa egin zen bakarrik. Orduan ez zegoen jendea mugitzeko orain dauden moduak. Jendea herrira etortzen zen, bertan gelditu.

Aurreneko ediziotik karteleko marrazkia bera da?
Bai, lehendabiziko urtetik. Ez dugu lortu jakitea nork diseinatu zuen. Eginahalak egin genituen. Uste genuen Jose Mari Pastor, Artzai, zela. Berak esan zigun ezetz. Uste zuen hemen bizitutako eta lan kontuengatik Sevillara joandako bat zela. Ez dugu lortu jakitea. Lehendabiziko kartela egin zuen Iruñeko Alde Zaharreko inprenta itxi zen ere. Baina kartela egiteko erabili ziren zinkezko plantxak gordetzen ditugu.

Zer sasoi zeukan artzaintzak 1968an?
Orain baino artzain gehiago zegoen garai hartan. Harrezkero, artaldeak handitu egin dira, baina artzainak gutxitu. 1963an, egin ez zen egun hartan, ardiak eske mendira joan ziren artzainak, sutea ikusi eta bueltan etorri ziren, artaldea mendian utzita.

Behin bat antolatuta, jendeketa etorrita, bigarrenari heldu behar, ezta?
Gu lehendabiziko urtean Oñatin egon ginen, antolakunde bat egin zen han. Buru-belarri sartu ginen hango zuzendaritzan eta gauzetan. Artzain txakurren probako hemengo txapelduna Oñatira joaten delako. Eta txapeldun eta txapeldun-ordea Euskal Herrikora. Koordinatuta egon behar dugu, egutegia, datak, epaimahaia eta horrela…

80ko hamarkada hasieran hasi ziren aldaketak Artzain Egunean. 1981ean hasi zineten Nafarroako ardi latxen esnearekin egindako gazta lehiaketarekin. Zergatik?
Guk beti pentsatu genuen jendea urte batzuetan etorriko zela eta etortzeari utziko ziola. Jendea etortzen zen. Hedabideak. Gero eta interes gehiago, gero eta arrakasta handiago zeukan. Esan genuen: “festa hau egitea ongi dago, baina zerbait gehiago egin beharra dago hemen. Artzainek txakurrekin ematen duten ikuskizuna oso interesgarria da. Baina beste gauza batzuk badira”. Ordurako kanpoko arrazetako ardiekin norbait zerbait egiten ari zen. Eta gero, bestalde, dudarik gabe, ikusten zen mugak momentu batetik bestera zabalduko zirela. Hemengo artzainak jazarriak zeuden.

Nolaz, ba?
Ilegalak ez ziren, baina alegalak. Osasun erregistrorik ez zuten. Hori egiten erakutsi eta lagundu beharrean salatu. Gu ez geunden batere ados. Hemengo abeltzaintzako jendearekin eta horretaz pixka bat arduratuta, kontzientziatuta zeudenekin harremanetan geunden. Gazta lehiaketa sortzea erabaki genuen, jendeak jakin zezan gure gaztak inondik etorriko ziren gaztak baino kalitate hobea zutela erakusteko eta, gainera, gurea dela. Lehendabiziko urtean ez genuen baimenik lortu.

Alegalak?
Gure kasuan, nik uste, ilegaltasunean. Eskerrak hemengo alkatea, artzain familiakoa, horretaz pixka bat bazekiela. Baimenik ez zigutela eman esan genion. Berak esan zuen: “hemengo arduraduna ni naiz. Nik dut ardura. Zuek egin eta norbaitek zerbait esan behar badu, niregana bidali”. Horrela egin genuen, pixka bat estalian, udaletxeko pleno gelan. Jendeak hura ikusi nahi zuen eta kasik kanpora botatzen gintuen. Haren arrakastak ere harritu gintuen. Hirugarren urtetik aurrera baimena izan genuen. Laguntzaren bat ere biltzen hasi ginen.

Jendeak, eta pentsa dut, artzainek ere erantzun zutela 1981ean?
Bai. Pentsa ezazu nola zeuden gaztagileak: bi egun aurretik denei deika saltzera etortzeko. Ez ziren trebe izan etortzeko, pentsatzen zutelako Guardia Civilak hartu eta kartzelara eramanen zituela kalean gazta saltzen jartzeagatik.  

Halako egurra ematen zieten?
Arraso ikaratuta zeuden! Guri esan ziguten kontuz ibiltzeko; 2.500 jende kutsatu behar omen genituen egun horretan. Alkateari eskerrak! Bi urte geroago ikusi genuen gaztak arrakasta zuela, saltzera etorri zirela, gazta asko saldu zela, jendea pozik!

Hori goizez eginen zenuen, ezta?
Bai. Hor hasi zen eguna betetzen. Bigarren urtean, zer arrakasta zuen ikusi genuenean, artzainendako hori etorkizuna zela, beharrezkoa, estrategikoa zela. Eta esan genuen: hemen daukagun beste gauza bat da ardi latxa. Jendea hura gutxiesten hasia zegoen. “Ez. Gurea da. Hau mantendu egin behar dugu, eta hobetu”. Bestalde, beste elkarte batzuk, abeltzain-eta, hasiak ziren pixka bat babesten eta lan egiten. Ardi latxaren erakusketa eta lehiaketa egitea erabaki genuen. “Hauek ere jendeak ezagut ditzala”. Horrela hasi ginen eta bigarren urterako Nafarroako ardi latxaren erakusketa ofiziala da gurea eta lehiaketa nazionala da. Hori mugitu genuen, beharrezkoa ikusten genuen-eta: uzten bazen, jendeak ez zuen behar hainbat baloratu behar.

Bertakoari balioa eman eta defendatu, ezta?
Klaro! Biak bete dira.

1983an izan zen hori. Bi urte aurrerago beldurrez zeuden. Erreakzio bat egon zen…
Egun haietan hasia zen hain ezaguna zen Jose Antonio Otxandorena. Artzaina edo gaztagilea baino gehiago misiolaria izan zen. Osasun erregistroak eta lortzen lagundu zuen. Iparraldeko jendea laguntzera etorri zen, aholkatzera. Jende asko mugitu ginen laguntzera. Hasi ziren pixkanaka-pixkanaka erregistroak-eta martxan jartzen, behar zen bezala legeztatzeko.

Garai bateko ohiturak legedi berrietara egokitzea izanen zen, ez?
Bai. Egiteko modua, sistema batekin, zehaztasunez. Horretan ere asko lagundu zuen Iparraldeko apaiz batek: Mixel Lekuonak, Biriatukoa. Gurekin hemen egon zen eta hainbat tokitan. Ardien genetika landu zuen. Ikaragarrizko buruargia zen, eta langilea. Gaztagileekin ere egon zen. Garai hartan jende asko mugitu zen hau aurrera eramateko eta han egon ginen. Uharten bilera ikaragarri garrantzitsuak egin genituen Artzain Egunaren bezperetan. Mahai-inguruak. Jende askok parte hartu zuen. Jatorri izendapenak sortzeko ere, 80ko hamarkadaren azkenean.

Eguna antolatzea nahiko ez, eta sektorearen defentsan eta antolakuntzan, beraz.
Bai. Idiazabal gazta jatorri izendapena martxan jartzeko azken bilera, erabakiorra, Uharten egin zen. Borroka gogorra izan zen.  

Izena, ez? Garai batean Urbasa, Urbia… zeuden, ez?
Bai, horiek denak. Hemendik atera zen. Gero politikan sartu zen baina Yolanda Barcina Angulo bera unibertsitatean zegoela, gaztetan aditua zen eta hemen egon zen egun hartan, denekin, gauzak aurrera eramaten.

1987an, berriz, Nafarroako ardi-moztaileen txapelketa jokatzen hasi zen Uharten.
Ardiei ilea makinaz moztea ez zegoen oso sartuta. Ikusten genuen ardiarendako eta artzainarendako ikaragarrizko abantaila zela makinaz moztea. Lauzpabost minutu egon beharrean ardia lotuta, ardia lotu gabe eta ia-ia minutu batean lasterka ateratzea, ba, ardiarendako ona da. Promozionatzeko, jendeak ikus zezan hasi ginen. Ikusmina sortzen zuen, moztaileak beraiek ere ezagutzera ematen zuten euren burua. Haiendako ere festa da.

Garai batean artilea gehiago pagatuko zuten.
Orduan oraindik zerbait ordaintzen zen. Baina, orain? Hori da pena. Askotan bota egin behar izaten dute. Zerbait egin beharko litzateke horri balioa emateko. Mugimenduak badira, baina, nonbait zaila da. Kataluniako herri batean egon ginen, Pirinioak eta kostaren arteko ibar batean. Handik urtero pasatzen ziren, batetik bestera, 150.000 eta 180.000 buru artean pasatzen ziren. Jaisterakoan herri pare batean-edo ilea mozten zioten. Artilea han uzten zuten eta inguruko emakumezkoak hura lantzen, haria egiten zuten eta gero Bartzelonan saltzeko jantziak egiten lana izaten zuten negu guztian. Garai hartan oso preziatua zen. Gero sintetikoak etorri ziren eta hondatu gintuzten. Nik uste hori erabiltzera behartuko gaituztela berriz.

1992koa da Euskal artzain txakurren erakusketa.
Ikusirik kanpoko arrazen presioa zegoela, azkenean, erabaki genuen gure artzain txakur lehiaketan bertako arrazek parte hartzea soilik. Gainera, erakusketa. Ez soilik artaldea erabiltzen duten txakurrena, haiek defendatzen dituzten txakurrak ere jendeak ezagut ditzan. Euskal artzain txakurraren estandarra, Iletsua eta Gorbeiakoa, definituta dago, penintsulan ofiziala da. Europan onartua izateko beste pauso bat eman beharko genuke. Hori pauso handi xamarra da. Erakusketan argi asko jartzen dugu euskal artzain txakurrak eta bertako arrazak, historikoki gure artaldeekin lan egin dutenak: gos de atura (ile luzeko txakurra, zuriketa, Katalunian estandarizatu eta izena eman zioten), Labri motakoak eta Pettit Berger. Horiek denak ongi hartzen ditugu, historikoki hemen bertan egon diren txakurrak baitira.

1994an, azkenik, ardiki gisatuaren lehiaketa eta dastatzea antolatzen hasi zineten.
Garai batean ardikia asko erabiltzen zen, etxeetan ere bai. Norbait hiltzen bazen, ardi bat erosi, prestatu eta urrutitik etortzen zen jendeari hori ematen zitzaion jaten. Batetik bestera mugitzeko gaurko aukera ez zeuden. Pixka bat baztertu egin genuen. Zergatik ez dugu baloratu behar ardi zaharra? Horregatik hasi ginen hori egiten.

Buruan izan, baina oraingoz egitarauan sartu ezin izan duzuen ideiaren bat baduzue bueltaka?
Artisau erakusketan kaikuak eta garai batean hemen erabiltzen ziren tresna horiek, horra ateratzen ez baditugu ahaztu behar ditugu. Horiek balio historiko eta etnografikoa dute. Ardo nafarra, taloak. Joan den urtean goitik behera heldu den gazta harrapatzeko Euskal Herriko lehendabiziko lehiaketa egin genuen. Aurten bi gaztarekin eginen dugu. Gazta nola egiten den ere erakusten dugu (aurretik Goikoetxea eta Javier Beregaina aritu ziren, orain, Ricardo), gazta nondik heldu den ikusteko. Esne gordinaz egindako gazta pasteurizatua baino seguruagoa dela?

Ez.
Esne gordinaz egindako gaztarekin hildako inor ez dago munduan.


Antolakuntza
Noiz hasten zarete Artzain Eguna prestatzen?
Lehendabiziko pausoak urtea bukatu baino lehen egiten dira. Hilero pauso batzuk. Baina maiatzetik aurrera, pauso handiak eman behar dira.

Zenbatek egiten duzue lan hasierako lan horretan?
Bat eta beste, 30 lagun bai. Egunero ez bada ere, batean edo bestean… Batzuetan erdia, beste batzuetan beste erdia. 30 lagunetik gora baditugu hiru hilabete.

Eta egunean bertan?
Beti kalkulatzen dugu, eta ez dakit ongi egin dugun, baina 150 baino gutxiago ez. Bezperan jende pila bat elkartzen gara Geinberan eta herrian dena muntatzen-eta. Gero jasotzen eta biltzen. Batzuk egun batean. Besteak bitan, beste batzuk hiru, lau egunetan.

Elkarteko bazkideak edo uhartearrak dira?
Gehienak bertako bazkideak. Beste jende batzuek ere laguntzen dute. Geinberakoa, bere garaian bazkide zirenak eta orain, jubilatuta daudenak, baina han muntatzen saldo eder bat egoten gara.

Antzeko beste egun edo proba batzuk izan dira beste herrietan, baina ez diote eutsi. Zein da sekretua?
Uhartearrok kaskagor fama daukagu. Hori mantentzen dugu eta, gainera, erakutsi horrela dela (barrez). Halakoetan ez da hainbeste zer artista den pertsona bat, baizik eta jarraitzea. Batek esan zidan, zuzendaritzatik atera behar zela: “bi urtez juntan gutxi da. Lehendabiziko urtean ikasi dut. Bigarrenean badakit nondik joan behar naizen eta inork ez dit ezer esan behar. Hirugarren urtean nik nire zera guztia emanen nuke”. Batengatik eta bestearengatik, segitu dugu. Hori da garrantzitsuena.

Lehenik Turismo Intereseko Festa izendapena eta udaberrian Nafarroako Karlos III. Prestuaren Gurutzea. Nahikoa aitortza?
Ikaragarrizko poza eman digu, hainbeste neke eta hainbeste lan egin ondoren. Moral injekzio handia da hori.

Hasieran artzainen topaleku zena, artzaintzaren erakusle bihurtu da?
Lehenengoa mantendu, eta bigarrena ere bai. Ezagutzen ditugu artzainak urte guztian egun horretan bakarrik goizean atorra txuriarekin etxetik atera eta ohera horrekin joaten direnak. Beraien eguna dela esaten dute. Hemen, dudarik gabe, urtez urte egun horretan bakarrik elkar ikusten dute artzain asko daude. Ez bakarrik gure ingurukoak, baizik eta Euskal Herri guztitik etortzen dira. Guk uste ez dugula elkartu eta beraien zerak egiten dituzte. Uste duguna baino gehiago. Euskal Herrian egiten diren artzain txakurren lehiaketen antolakuntzan sartuta gaude, epaile bezala ere. Guk beti antolatzaile guztiei esaten diegu: 50 euroko dieta eman beharrean, eman 30 eta gonbidatu edo bazkaltzera edo afaltzera”. Elkarrekin egoteko. Batez ere, Euskal Herriko lehiaketa egiten denean. Haien lagunak etortzen dira eta haien artean zein elkarrizketa eta zer… Badakigu askotan ardiak eta denak trukatu egin dituztela elkarrekin.

Artzaintzan erakusleiho ederra da eguna bera, ez?
Bai. Gaztari balioa ematen dio. Krisia dela-eta pixka bat jaitsi da, baina hemen saldu da zientoka kilo. Eta jendeak ezagutu. Eta jendeak probatu. Eta…  Artzaintza ezagutarazteko eta zabaltzeko eguna da.

Bertako ardi arraza bat eta hari lotutako ekoizpen estensiboaren alde zaudete. Globalizazioaren eta nazioarteko ekonomia itunen aurrean hori defenda daiteke?
Bai, eta etorkizunarekin, gainera. Europan onartuak dauden gure arauetan lehendabizikoa da ardi latxa dela bakarrik. Zergatik? Gurea delako, hemengoa delako eta inon gehiago ez dagoelako. Bestela, igual litzateke gazta hemen egin edo Zambian. Horrek bere berezitasuna du. Bigarren partea, inportantea: bere eragin soziala. Hemen ez dago makro-artalderik. Hemengo artaldea da: artalde bat, familia bat, gaztandegi bat eta mendialdeko herri bat. Filosofia hori ez dugu inola ere galdu behar. Horren alde borrokatzen gara hemen eta izendapenean. Hemendik kanpo ere baloratzen  gaituzte. Hemendik kanpo eredua gara.

50 urteko lan horrek aurrera begirako oinarria jarri du?
Dudarik gabe. Pentsa ezazu orain egiten diren indusketetan-eta, analisietatik eta badakite non jaio zeran, non bizi izan zeran, zer jan dituzun eta dena. Ardia ez da robota. Hemen jaio da, hemen jan du eta hemen haren esne gordinaz egin da gazta. Gazta hori munduko onena da? Igual bai. Baina gurea da. Eta desberdina da. Beste gazta berdinik ez dago. Analisi guztiak egiten baditugu jakinen dugu hemengoa dela. Hemendik kanpo egindakoetatik desberdina da.

Gaur egun zein da artzaintzaren egoera, argazkia?
Gaurko artzaintza lanean ongi ari da. Behar den bezala prestatzen da. Ongi defendatzen ari da eta etorkizuna dauka. Gauza bat falta zaigu, eta Europatik ere indartu nahian ari dira. Tokiko gobernuak bulkatzen ari dira: jende gazteari laguntzak ematea. Alde batetik, hasieran behar duen laguntza azkar ematea. Ez itxarotea lau urte pasatzera. Ohartu dira hau beharrezkoa dela egitea. Eta aurrerantz, kontuz, munduan nola daude lanpostuak? Heldu beharko diogu, baina ongi prestatuta eta jendea ongi bizitzeko.

Artzain Eguna erdi prest izanen duzue?
Oraindik lan asko dugu aurretik. Astero bilera. Alde batera eta bestera mugitu beharra dago. Igandean Auritzen egonen gara. Ama Birjinaren egunean Araian. Sare horretan gaude eta hori landu egin behar da. Baina nik urte asko egin ditut hemen, adina ere, uste baino gehiago daukat, ekipo bat egiten ari da eta, bueno, belaunaldi aldaketa martxan dago.

50ekin planto eginen duzu?
Bai, garaia da. Ez da pertsona baten bizkarrean utzi behar. Talde ona ari da lanean. Horrek segituko du. Hemen ikusiko dugu elkar.