Artzainen eta euren lanaren gorazarre festa hartu zuen 50. aldiz Uharte Arakilek. Artzaintza eta hari lotutako zereginak eta produktuak ikusi eta dastatzeko aukera izan zen goiz-goizetik. Artisauek eta ekoizleek euren produktuak salgai jarri zituzten. Beste behin ere, Artzain Egunak jendetza erakarri zuen Uharte Arakilera, horren lekuko autoen etengabeko emaria. Aralar Mendi elkarteak, beste behin, guztia ederki antolatu zuen. Bere bazkideek 50. urteurreneko zapia jaso zuten opari.
Gazta lehiaketan sekula baino parte-hartzaile gehiago izan ziren, 32. Epaimahaiak Eulateko Felipe Agirreren gazta saritu zuen, 2011n bezala. Sari banaketaren ondoren gazta txapelketan irabazle izan zen gazta erdiaren enkantea egin zen. 2.000 eurorekin abiatu zen enkantean bost izan ziren euren eskaintzak egin zituztenak: Alhambra, Lakita, El Canalla, Baserri berri eta Pompaelo. Azken hori, Iruñean aurten zabaldutako hotel bat da, eta berak eskuratu zuen gazta erdia 4.500 euro pagatu ondoren. Pilar Legorburu zuzendariak dirutza hori pagatuz “tokiko produktuaren aldeko apustua eta artzainen lana” aitortu nahi izan zutela azaldu zuen.
Mende erdiko edizioan artzain txakurren proban zortzi artzainek 11 txakur gidatu zituzten. Lehiaketaren historian bigarren aldiz euria egin zuen hasieran, gero eguzkia atera bazen ere. Eguraldiak publiko asko biltzea eragotzi zuen. Lehiaketari dagokionez, ohikoa denez, lehenik artzainak gidatuta, txakurrak artaldea ataka batetik pasa behar izan zuen eta gero artzainarengana hurbildu behar zuen. Guztia zazpi minututan. Ondoren artaldea arditegi batean sartu behar izan zuten.
Omenaldiak
Artzaintzaren aldeko ospakizunak mende erdiko ibilbidea egiteko ezinbestekoa uhartear askoren lana. Aurten antolakuntzaren karga handia lantalde baten esku utzi duen Jose Mari Ustarrozek jaso zuen merezitako aitortza. Gazta txapelketako 36 edizioetatik bakarrean huts egin du Iruñeko Alhambra jatetxeko Iñaki Idoatek eta egindako ekarpenagatik txapela jarri zioten. Lehiaketa horren antolakuntzan eta aurreneko edizioan lagundu zuten Mixel Aire urepeldarra eta Mixel Lekuona ere omendu zituzten eguerdian. Orduan, eta deitu dituzten guztietan, epaile gisa aritu diren Hartza Sueskun ahizpendako eta haien anaia Fernandorendako aipamena ere izan zen.
Omenduen artean zeuden Migel Anjel Arbeloa Iriarte uhartearra, antolakuntzan lagundu zuena eta Jose Mari Uharte Alfaro aholkularia eta Aralar Mendi elkartea bestelako jardunak antolatzera animatu zituena. Gogoan izan zuten Jose Manuel Goikoetxea Askorbe altsasuarrak, foru parlamentaria eta Eusko Jaurlaritzako kontseilari izandakoak emandako laguntza ere. Ardiki lehiaketan hainbatetan parte hartu zuen Julian Lizarraga Larraza dorrobarra ere ez zuten ahaztu.
Arratsaldean, artzain txakurren trebezia probaren erdian etena egin zuten eta beste omenaldi batzuk egin zituzten. Batetik, Benito Orbegozo, Geinbera zelaiaren jabea omendu zuten. Urtero zelai horretan proba jokatzearen truke utzi zuen lursaila. Aurten hil eta 1974an probako txapeldun izan zen Santos Fernandez gogoan izan zuten. Baita inoiz irabazle izan diren Ricardo Goikoetxeak, Jose Lakuntzak, Pedro Ansak, Antonio Alustizak, Josetxo Billabonak, Jorge Oteizak eta Joxe Mari Ixtilarrek oroigarri bana jaso zuten. Uharte Arakilgo Udalari ere aitortza egin zion antolakuntzak, bera izan baitzen aurreneko edizioa antolatu zuena.