Inguruetako herriek basoan erromeria zutela eta Uharte Arakilen halakorik ez zela, festa egutegian hutsune hori betetzeko sortu zen Sustrai Eguna 2015ean; herriko ondarea ezagutaraztea ere helburu duena. Ospakizunaren hirugarren edizioa izanen da biharkoa. Eguerdian piztuko dute etxajua eta kalejiran herrian buelta eman ondoren, San Bartolome ermitarantz joko dute, musika lagun. Andia magalean dagoen ermitaren ondoan bazkalduko dute 14:30ean. Eta, ondoren, guztiek jolasetan parte hartzeko aukera izanen dute. 20:00etan ekinen diote herriko bideari eta behin herrian, 23:30ean Saint Bartolomius Warrios taldearen kontzertua izanen da. Herriko musikariek egunerako propio sortutako taldea da azken hori.