Sakandarrak Uharte Arakil-Beriain Km Bertikalean
1.Aitor Osa: 40:56
6.Beñat Katarain: 45:01
10.Mikel Rubio: 46:30
11.Aritz Munarriz: 46:46
13.Jose Luis Beraza: 46:54
40.Alatz Agirre: 50:53
69.Asier Reparaz: 55:03
71.Fran Araña: 55:11
76.Fermin Azkargorta: 55:43
90.Javi Gasanz:57:27
94.Mikel Lakuntza: 57:25
102.Carlos Mañeru: 57:51
104.Izai Mauleon: 58:06
106.Josu Dorronsoro: 58:11
109.Alberto Mtnez. de Lagran: 58:49
110.Juan Felipe Lizarraga: 58:59
127.Jose Javier Beregaña: 1:01:08
129.Erkuden San Martin: 1:01:25
132.Fermin Astiz: 1:01:31
151.Joseba Galarza: 1:03:47
152.Amaia Razkin: 1:03:48
159.Oskar Lizarraga: 1:04:46
166.Leire Palacios: 1:06:04
*Oharra: antolakuntzak ez du jaioterriko daturik jarri. Hortaz, gerta daiteke sakandarren bat ez agertzea
Inoiz baino parte-hartzaile gehiago izan zituen aurtengo Uharte-Arakil Beriain Kilometro Bertikalak, eta maila handikoak, gainera: Aitor Osa, Didier Zago, Imanol Goñi, Virginia Perez, Ainhoa Lendinez… azken urteetako parte-hartze hoberenak, jakina, oraindik eta ikusmin handiagoa sortu zuen. Eguraldia, elegantea, eta Beriain igotzeko erronka, beti itzela. Aurten, gainera, berrikuntza zuen probak: proba kronometratua izan beharrean, korrikalari guztiek aldi berean hartu zuten irteera. Eta horrek eragina izan zuen, erritmoa behar baino gehiago estutu baitzuten korrikalari batzuk eta Beriaingo malda gogorrak iritsi zirenean, izugarri nabaritu zuten. Izan ere, Uharte-Arakil Beriain Km Bertikala 5 kilometroko proba aldapatsu eta gogorra da, 1.023 metroko desnibelarekin eta sekulako etapa eta maldekin. Ederra bezain gogorra.
Azkena?
Aitor Osa, Didier Zago eta Imanol Goñi korrikalarien artean erabaki zen proba. Indartsu hasi zen Zago, hasieratik Osari eta Goñiri segundoak atera nahian. Hornidurara 7 segundoko aldearekin iritsi zen. Baina lasterketak 25 minutu zeramatzanean Osak Zago gainditu zuen eta aldea ateratzen hasi zen. Horrela, Osa bakarrik iritsi zen Beriaingo helmugara (40:56). Gipuzkoarrak ez zuen berak 2015ean ezarritako errekorra gainditu (39:54), baina kontentu zegoen egindakoarekin. Igandekoarekin, lau garaipen lortu ditu jarraian. “Korrikalari askok erritmo oso altua jarri zuen hasieratik eta ni burua hotz mantentzen saiatu nintzen, beharrezko erritmoa jartzen saiatu nintzen. Azkeneko arranpara nahiko joa iristen zara, baina irabaziz gero… gustura” adierazi zuen Aitor Osak helmugara iritsi berritan. Eta gero aipatu zuen akaso aurtengoa bere azkeneko parte-hartzea izan daitekeela. “Laugarren garaipena eta uste dut azkena izango dela 44 urte ditudalako. Beti esaten dut berdina eta gero atera egiten naiz, baina aurrean egoteko sakrifizio handia egin behar da, eta urteak aurrera doaz, lana… “ aipatu zuen. Aitortu zuenez, aurtengoa orain arteko garaipenik ederrena izan da. “Aurten sekulako maila zegoen. Zago, Goñi… hasieran ederki estutu naute baina irabazi ahal izan dut” gaineratu zuen.
Katarain eta San Martin, lehen sakandarrak
Osak 20 segundo atera zizkion Didier Zagori (41:16) eta 35 segundo Imanol Goñiri (41:31). Lehen sakandarra Beñat Katarain lakuntzarra izan zen, helmugan seigarrena (45:01). Mikel Rubio irurtzundarra 10.a sailkatu zen (46:30). Aipatzekoa da Jose Luis Beraza lehen beteranoa izan zela: uhartearra 13.a iritsi zen helmugara (46:54). Emakumezkoetan, aurreko urtean bigarrena sailkatu zen Virginia Perezek ez zuen areriorik izan eta hasieratik hartu zuen aurrea (49:33). Errekorra apurtzeko 6 segundo eskasera geratu zen. Ainhoa Lendinez bigarrena izan zen (54:18) eta Izaskun Zubizarreta hirugarrena (54:27). Sakandarretan, Erkuden San Martin bederatzigarrena sailkatu zen (1:01:25)
Proba zuzenean jarraitu ahal izan zen Uharte-Arakil Beriain Km bertikalaren Facebook orrian. Aipatzekoa da jendetza bildu zela Beriaingo maldetan, korrikalariak animatzeko. Aralar Mendi elkarteko mendi sekzioak antolatu zuen proba, hainbat entitate eta babesleren laguntzarekin, eta mendizaleek antolakuntza bikaina goraipatu zuten. Auzatea “mundiala” izan zela nabarmendu zuten guztiek.
Euskal Herriko Mendi Lasterketen Konbinatuan Beraza txapeldunordea
Urte honetara arte, Euskadiko Km Bertikalen Koparako puntuagarria izaten zen
Uharte Arakilgo proba, baina aurten Euskal Herriko Mendi Lasterketen Konbinatuko Txapelketarako puntuagarria zen azken proba zen, apirilaren 23an Oñatin jokatutako Aloñako maratoi erdiarekin eta ekainaren 3an Leitzan jokatutako Euskal Herriko Mendi Erronka Ultrarekin batera. Distantzia guztiak kontuan hartuta hobekien moldatu diren korrikalariak saritu nahi ziren. Xabi Lete oñatiarrak irabazi du Euskal Kopa konbinatua eta Jose Luis Beraza uhartearra bigarrena sailkatu zen, lehen beteranoa.
Denboraldi bikaina egin du Berazak. Igandean, guztira lau aldiz igo zen podiumera. Probako lehen beteranoa izan zen, lehen uhartearra, Euskal Herriko Mendi Lasterketen Konbinatuan bigarrena eta lehen beteranoa.