Nafarroako Gobernuaren Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak ingurumen ukipenetarako baimena eman du zuntz-optikoko linea jartzeko. Zehazki, Uharte Arakil parean dagoen kanalizazio-kutxa batetik Artxueta gaineko komunikazio zentroraino. Gaur egun komunikazio zentro horrek irrati-loturako antenak ditu datuak transmititzeko eta hartzeko bitarteko bakar gisa. Hotzak kalte egiten dio funtzionamenduari, eta aldi baterako matxurak eragiten ditu. Behin zuntz-optikoko linea jarrita saihestuko da datuak distantzia handian bidali eta jasotzea irrati-loturen bidez.
Sakanako Autobian (A-10) kableak pasatzeko kanalizazioa dago eta etorkizunean zuntz-optikoa handik pasatuko da. Beraz, kanalizazioko kutxa bateko lotunetik abiatuta, zuntz-optiko kablea Aralarko santutegira igotzen den argindar linearen oinarri batera eramanen da (1.512 metro). Gero, handik gora aireko linea izanen da (2.890 metro). Santutegitik komunikazioen zentroraino lurpeko linea izanen da (919 metro), egungo kanalizazioa erabiliz. Santutegi ondoan bakarrik eginen da kanalizazio berria, 12 metro luze. Lanen sustatzailea Navarra de Servicios y Tecnologías SA da. Erabakiari helegitea jartzeko aukera dago.